Programa militarra
Ipar Koreak irismen luzeko misil berri baten probak amaitu ditu
AGENTZIAK | EITB Media
Mugimendu hori nazioartearentzat "mehatxua" dela esan du Ameriketako Estatu Batuetako Armadak.
Ipar Koreako Armadak irismen luzeko misil berri baten probak amaitu ditu asteburu honetan, bi urteko ikerketaren ostean.
"Irismen luzeko misilaren garapena (...) zientzialariek eta arma sistema fidagarria garatzeko prozesuak bultzatu dute azken bi urteetan", zehaztu du Ipar Koreako albisteen agentzia zentralak (KCNA, ingelesezko siglengatik), Yonhap Hego Koreako albiste-agentziaren arabera.
Bestalde, maniobra horiek Ipar Koreako bizilagunentzat eta nazioarte osoarentzat "mehatxua" direla adierazi du Ameriketako Estatu Batuetako Armadak.
Ozeano Indikoko eta Pazifikoko Komandoak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "jarduera honek agerian uzten du Ipar Koreak bere programa militarra garatzen jarraitzen duela", eta, hori dela eta, "egoera monitorizatzen" jarraituko dute.
Japoniako Gobernua "kezkatuta" agertu da entseguekin. Katsunobu Kato Japoniako Kabineteko buruakren hitzetan, "misilak 1.500 kilometro egin baditu, hori mehatxua da Japoniako bakearentzat eta segurtasunarentzat".
Nazioarteko zigorrak Koreari
Ipar Korea nazioartearen zigorrak jasotzen ari da arma nuklearren programaren ondorioz, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenek misil balistikoen proba debekatu baitute. Hala ere, kruzero misilen probek ez dute zigorrik jasotzen, balistikoek ez bezala, propultsioa etengabe erabiltzen baitute, DPA Alemaniako agentziaren arabera.
Kim Jong Un Ipar Koreako buruzagiak Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiarekin 2019ko otsailean Vietnamen egin behar zuen eta azkenean egin ez zen goi-bileratik, programa geldiarazteko elkarrizketak gelditu egin dira.
Urte honen hasieran, Ipar Koreako presidenteak iragarri zuen herrialdeak disuasio nuklearraren bidean jarraituko zuela arma berriekin, kontinenteen arteko misil balistiko berriak barne.
Gainera, ostegunean, Asiako agintariek desfile militarra egin zuten, herrialdearen sorreraren 73. urteurrena dela eta, nahiz eta hasiera batean misilak erakutsi ez.
Ekitaldian Kim Jong Un izan zen, hitzaldirik egin ez zuen arren. Hainbat komunikabidek zabaldutako irudietan, dozenaka militarrek eta langilek material arriskutsuen aurkako babes-tximuak eta gas-maskarak erakutsi zituzten, agintariek koronabirusaren aurrerapena geldiarazten laguntzeko indar berezi bat eratu izanaren erakusgarri.