Itxi

Sexu abusuak

Jasan zituzten sexu-abusuen aurrean "ez ikusiarena" egitea leporatu diote Bilesek eta hiru kidek FBIri

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Larry Nassar olinpiar taldeko mediku ohiak sexu-abusuak egin zizkien emakume horiei guztiei; mediku gisa aritu zenean, 250 emakume eta neska baino gehiagori abusuak egin izana egotzi diote.

Simone Biles eta beste hiru biktimak. Argazkia: EFE.

AEBko gimnasiako goi mailako lau kirolarik, Simone Bilesek, besteak beste, FBIren kontrako salaketa jarri dute asteazken honetan Senatuko Justizia Batzordearen aurrean, Larry Nassar olinpiar taldeko mediku ohiak egindako sexu-abusuen aurrean "ez ikusiarena" egiteagatik.

"Adin txikikoei abusuak egin dizkien erasotzaile bat urtebete baino gehiago aske izatea ahalbidetu dute, eta ezer ez egite horri esker, abusuek aurrera jarraitu zuten. Zertarako balio du abusu horiek salatzeak, baldin eta FBIko gure agenteek txostenak kutxa batean lurperatzen badituzte?", galdetu du Simone Biles txapeldun olinpikoak.

"Larry Nassarri egozten diot errua, bere abusuak ahalbidetu eta betikotu zituen sistema osoari ere botatzen diot errua (...). Harrapari batek haurrei min egitea baimenduz gero, ondorioak azkarrak eta zorrotzak izango dira. Nahikoa da", esan du Bilesek, McKayla Maroney, Maggie Nichols eta Aly Raisman gimnastekin batera.

Nassarrek sexu-abusuak egin zizkien lau gimnata horiei, mediku gisa aritu zenean, eta 250 emakume eta neskari baino gehiagori abusuak egin izana leporatu diote. 2015ean izan zen horren berri, The Indianapolis Star egunkariak ikerketa bat kaleratu zuenean, eta, bi urte geroago, 60 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, besteak beste, oldarraldia, sexu-erasoa, haur-pornografia eta frogak manipulatu izana egotzita.

Maroney (urre eta zilarrezko dominak lortu zituen 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan) oso grafikoa izan da bere hitzaldian. Nassarrek azpiko arroparik ez erabiltzeko eskatu ziola adierazi du, horrek lana "erraztu" egiten ziolako. "Minutu gutxi batzuk geroago, hatzak nire baginan sartu zituen", azaldu du. Beste batean, lo egiteko pastilla bat eman ziola esan du, eta, esnatu zenean, "erabat biluzik" zegoela, eta "hainbat orduz" sexu-abusuak egin zizkiola.

"Hori al da dena?" esan omen zion FBIko agente batek hori guztia kontatu ondoren. "Nire abusua ez salatzeaz gain, 17 hilabete geroago dokumentatu zutenean, esan nuenari buruzko baieztapen erabat faltsuak egin zituen FBIk. Gezurra esatea eta serieko abusatzaile bat babestea aukeratu zuten, ni eta beste ume batzuk babestu beharrean", gaineratu du.

"Justizia Sailak ez zituen pertsona horiek auzipetu nahi izan. Zergatik? Horren lana eta ardura da. Nekatuta nago jendeak zuzen jokatu arte itxaron beharraz, gutaz abusatu zutelako eta justizia merezi dugulako", nabarmendu du.

Maroneyk bezala, Raismanek adierazi du FBIko agenteek euren kontakizunen larritasuna "txikiagotu" egin zutela salaketa jarri eta Nassarren defentsak aurkeztutako erruduntasun akordioak onartzera behartu zutenean. Horren aurrean, ez zuela aurrera egiteak merezi pentsatu zuela azaldu du.

FBIren bertsioa

Gerora, Chris Wrayk agerraldia egin zuen Michael Horowitz Justizia Saileko inspektore nagusiarekin batera. Horrek txosten bat aurkeztu zuen uztailean, eta bertan erakutsi zuen Indianapolisko Bulegoko FBIko goi funtzionarioek urtebete baino gehiago behar izan zutela ikerketa abiarazteko, Nassarren aurkako lehen frogak eta salaketak izan arren.

Gertatutakoaren ostean, Wrayk FBIko buru izateko kargua hartu zuen, eta esan zuen "atsekabetuta eta amorratuta" sentitu zela akatsen berri izan zuenean. Gaineratu zuenez, "pertsonak babesteko duen betebehar nagusia traizionatu zuen gizon baten emaitza" da hori.

Gertatutakoak FBIko gainerako langileen lana "ezeztatu" duela azaldu zuen, eta "guztiek gogoan izango dute gertatutakoa", esan zuen. Wrayren hitzetan, Horowitzen txostenean aipatutako agenteetako bat kaleratu egin dute, eta beste bat 2018ko urtarrilean erretiratu zen.

Albisteak (2)