Alemania
Scholz faborito, Alemanian aro berri bat irekiko duten hauteskundeetan
agenTZIAK | eitb media
Europako herrialde jendetsuena eta potentzia ekonomiko handieneko bozak azkenean espero baino estuagoak izan daitezke, ez soilik alderdi irabazleari dagokionez, baizik eta aliantzen kasuan bereziki.
Olaf Scholz sozialdemokrata da faborito datorren irailaren 26ko Alemaniako hauteskundeei begira Armin Laschet kontserbadoreak zuen aldea txikitu eta irauli ostean. Ekologisten gainetik ere badago hautagai sozialdemokrata, baina oraindik ez dago jakiterik zein izango den Merkelen aroaren ostean osatuko den koalizioa.
Europako herrialde jendetsuena eta potentzia ekonomiko handieneko bozak azkenean espero baino estuagoak izan daitezke, ez soilik alderdi irabazleari dagokionez, baizik eta Berlinen Gobernua osatzeko gai izango den aliantzaren kasuan bereziki.
Alemanian, hauteskunde hauen aurretik, azken urteetan koalizio handi moduko bat egon da, sozialdemokratek eta kontserbadoreek osatu dutena, baina zaila dirudi errepikatzea.
Inkestek oraindik % 25-26ko babesa ematen diote SPD Alderdi Sozialdemokratari, Angela Merkelen CDU Batasun Kristaudemokratak eta CSU Batasun Sozialkristauak % 21-22 izango luke, eta Berdeek % 16-17 inguru.
Inkesten emaitzen aldaketak (duela hilabete batzuk Berdeen gorakada iragartzen zuten) presiopean jarri dute Armin Laschet Merkelen oinordekoa, CDU/CSUren hautagaia, eta Scholzi eraso eginez babesa lortu nahian ibili eta SPD Ezkerrarekin lotzen ahalegindu den arren, ez du espero zuen emaitzarik eskuratu.
Scholzi, bestalde, subliminalki Merkelen oinordeko gisa aurkeztea leporatzen diote, agintariaren keinu batzuk errepikatzen saiatu delako. Hori dela eta, kontserbadoreek argi adierazi nahi izan dute ez daudela alderdi berean.
Merkelek berak, 16 urteko agintaldiaren ostean, adierazi du Scholzekin gustura aritu dela lanean, baina desadostasunak dituztela, eta horietako bat dela Ezkerrarekin ez lukeela sekula itunik egingo.
Koalizio posibleak
Ezustekorik ezean, eta handia litzateke, koalizioa beharrezkoa izango da agintera heltzeko. Horregatik, oso garrantzitsuak dira gainerako alderdien datuak.
FDP Alderdi Liberalak % 11-12ko babesa izango omen du, ultraeskuindarrek bezalaxe, eta Ezkerrak % 6-7 ingurukoa.
Hala, posible izango litzateke SPDren, Berdeen eta Ezkerraren arteko koalizioa, zenbakietara mugatuz gero. Sozialdemokratek eta berdeek FDPrekin ere koalizioa osatzeko aukera izango lukete.
AfD ultraeskuindarrak ez dira koalizio posibleen artean sartzen, alderdi guztiek baztertu dutelako horiekin negoziatzea.
CDU/CSUk ere baztertu egin du Ezkerrarekin koalizioa egitea, ondorioz, irtenbide bakarra berdeekin eta liberalekin elkartzea izango litzateke, eta egungo aurreikuspenek posible egiten dute aukera hori.
Beste alternatiba bat CDU/CSU eta SPD alderdiek osatutako koalizio handia izango litzateke, baina orain arte horren aurka agertu dira.
Scholz eta Ezkerra
Scholzek eta Annalena Baerbock hautagai berdeak ez dute Ezkerrarekin koalizioa osatzea erabat baztertu, baina aitortu izan dute adostasunera iristea zaila izango litzatekeela atzerri politikan eta segurtasunean bereziki.
Eskualde mailan bi alderdiek dituzte itunak Ezkerrarekin, baina estatu osora zabaltzea zaila da, Ezkerrak uko egiten baitio NATOri eta Alemaniako soldaduak nazioarteko misioetan egoteari.
Scholz, gainera, SPDko sektore zentristenekoa da, beraz, litekeena da Ezkerrarekin elkartzeko aukerari ere muzin egitea.