Itxi

ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK

Olaf Scholz, sozialdemokrata pragmatikoa eta zentrista

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Finantza ministroa izan da alderdiaren hautagaia kantziler izateko, zortzi urtez Merkelekin koalizioan gobernatu ondoren.

Olaf Scholz. Irudia: EFE

Olaf Scholz Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren hautagaia izango da Angela Merkel kantzilerra ordezkatuko duena Gobernuan, 16 urteko agintaldiaren ostean.

Finantza ministroa izan da alderdiaren hautagaia kantziler izateko, zortzi urtez Merkelekin koalizioan gobernatu ondoren.

Sozialdemokrata pragmatikoa eta zentrista da. Azken legegintzaldian Gobernuko presidenteordea eta Finantza ministroa izan da.

Alderdiaren oinarriak koalizioaren kontra agertu ziren eta, ondorioz, Saskia Eskien eta Norbert Walter-Borjans aukeratu zituzten buruzagi moduan.

Alabaina, presidentegaia izendatzeko unea iritsi zenean bi horiek Scholzen aldeko apustua egin zuten, zentroko botoak biltzeko eta Gobernua ezkerretik osatzea saihesteko egokiena delakoan.  

Scholz Osnabrück udalerrian jaio zen 1959an. Gerhard Schröder kantziler sozialdemokrataren eskutik egin zuen salto politikagintzaren lehen mailara.

2017an, Hanburgoko alkatea izan zenean istilu larriak izan ziren G20ak hiri horretan egindako goi-bilera baten aurkako protestetan eta horrek kalte egin zion bere irudiari. Hortik aurrera, baina, gora egin zuen bere ibilbide politikoan.

2002 eta 2004 urteen bitartean, Alderdi sozialdemokratako idazkari nagusia izan zen. Schröder kantzilerrak bultzatutako hainbat neurri murriztaile babestu zituen eta horrek alderdiaren zatiketa eragin zuen. Bereizketa horren ondotik disidenteek Ezkerreko Alderdia sortu zuten komunistekin batera.

Murrizketa sozialak babestegatik eta ezkerrarekin balizko koalizioak osatzeko aukerak baztertzeagatik, Scholz sozialdemokrata kontserbadoretzat jotzen dute.  

Merkel sozialdemokratekin osatu zuen lehen koalizio handian, Lan ministroa izan zen eta berak bultzatu zuen erretiroa hartzeko adina 67 urtera luzatu zuen lege polemikoa.

Sektore askoren konfiantza lortu du, Merkelen Gobernuari jarraipena emango diola uste dutelako.

Albisteak (4)