Europar Batasuna
Bere Konstituzioa EBko Zuzenbidearen gainetik dagoela erabaki du Poloniak
Agentziak | EiTB Media
Bertako Auzitegi Konstituzionalak hartu du erabakia, ebazpena hiru aldiz atzeratu ondoren. Europako Justiziaren epaiak ez betetzeko atea zabaldu dio erabakiak Varsoviako Gobernuari.
Bere Konstituzioa EBko Zuzenbidearen gainetik dagoela erabaki du Poloniako Auzitegi Konstituzionalak ostegun honetan. Europako Justiziaren epaiak ez betetzeko atea zabaldu dio erabakiak Varsoviako Gobernuari.
Bertako Auzitegi Konstituzionalak hartu du erabakia, ebazpena hiru aldiz atzeratu ondoren. Honenbestez, Mateusz Morawiecki lehen ministroaren eskakizuna onartu du Konstituzionalak. Poloniako Gobernuak abiatutako erreforma judizialek EBko legeak urratzen zituztela ebatzi zuen Europako Justizia Auzitegiak.
Horrela, Europako araudi batzuk Poloniako Konstituzioarekin bateragarriak ez direla erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, Rzeczpospolita-k jakitera eman duenez.
Konstituzionaleko bost magistratuetatik hiruk babestu dute erabakia. Poloniako Konstituzionalaren arabera, "EBk ez du eskumenik Poloniako Justizia eta haren funtzionamendua ebaluatzeko". Horrela, Varsoviako Gobernuak 2015ean abiatutako erreforma judiziala atzera botatzea errefusatu dute.
PiS alderdiak zuzentzen duen Exekutiboak bultzatutako erreforma batzuk zalantzan jarri zituen Europako Justizia auzitegiak uztaila erdialdera, batez ere epaileei ezarritako diziplina-araubidea.
Varsoviaren eta Bruselaren arteko tentsioak gora egin du azken hilabeteetan. PiS alderdiak "neurri" drastikoak hartzea proposatu du, baita EBtik ateratzeko aukera planteatu ere. Europar Batasunak ez ditu oraindik laga pandemiatik berreskuratzeko planaren 23.900 milioi euroak.