ALEMANIA
Armin Laschet CDUko buruak alderdiaren esku utzi du bere kargua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iraileko hauteskundeetan izandako porrotaren ondotik, aldedi demokristauak eraberritze prozesu bat abiatu behar duela aldarrikatu du Armin Laschetek.
Alemanian presidentea aukeratzeko egin berri diren hauteskundeetan CDU alderdi demokristauak inoizko emaitzarik txarrenak erdietsi ondotik, Armin Laschet bozetan presidentegai izan denak eta CDUko buru ere badenak alderdiaren esku utzi du bere kargua.
Irailaren 26ko hauteskundeetan, Batasun Demokrata kristauak (CDU) eta Batasun Sozial kristauak (CSU) osatutako koalizio kontserbadoreak botoen % 24,1 eskuratu zuen, garaile izan zen Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) atzetik.
Gobernua osatzeko negoziazioei begira, Jamaika (kontserbadoreak, liberalak eta ekologistak) izenez bataiatu den aliantza oraindik ere posible dela uste du Armin Laschetek. "Jamaika proiektu handiak ez du pertsona baten erruz porrot egingo", iragarri du ostegun honetan Laschetek Berlinen eskainitako prentsaurrekoan.
Armin Lascheten esanetan, alderdi demokristauak eraberritze prozesua abiatu behar du Angela Merkelen agurraren ondoren izango duen nortasuna zehazteko. Ildo horretan, aurpegi berriekin hutsetik hastea proposatu du, izan "gobernuan edo oposizioan". Gaineratu duenez, berak gidatuko du trantsizioa abendua hasieran egingo den kongresu federalera arte.