Itxi

Legebiltzarreko hauteskundeak

Muqtada al Sadrren alderdiak garaipena aldarrikatu du Irakeko hauteskundeetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sadam Husseinen erregimenak 2003an behera egin zuenetik izandako parte-hartze baxuena izan dute igande honetako hauteskundeek, % 41 inguru.

Mutqada al Sadren jarraitzaileen ospakizunak Bagdaden. Argazkia: EFE.

Muqtada al Sadr kleriko popularraren alderdiak irabazi ditu igande honetako Irakeko hauteskundeak, atariko emaitzen arabera; izan ere, Parlamentua osatzen duten 329 eserlekuetatik 73 lortu ditu eta, beraz, "bloke handiena" da.

Al Sadr klerikoak hitzaldia eman du astelehen honetan, eta parlamentuko "blokerik handiena" direla berretsi du. Hori dela eta, ospatzeko gonbita egin die jarraitzaileei. Bere hitzaldian, Sadr blokeko burua nazioarteko komunitateari ere zuzendu zaio, "Irakeko gaietan edo Gobernu berri baten eraketan ez sartzeko" ohartarazteko

Bestalde, Estatuak armak konfiskatzeko eskatu du, "baita erresistentzia eskatzen dutenenak ere", Rudaw telebista kate kurduak jaso duenez.

Sadam Husseinen erregimenak 2003an behera egin zuenetik izandako partaidetza baxuena izan dute igande honetako hauteskundeek, % 41 inguru. 

Elizgizonaren jarraitzaileek Bagdadeko Tahrir plaza bete dute eta Muqtada al Sadrren aldeko aldarrikapenak egin eta su artifizialak bota dituzte.

2019ko urrian milaka irakiar kalera irten ziren zerbitzu gehiago eta erabat sustraitua dagoen ustelkeria amaitzea eskatzeko, eta protesta horien harira deitu zituzten hauteskundeak.

Mikel Ayestaran EITB Mediak Ekialde Hurbilean duen korrespontsala Bagdaden dago hauteskundeen nondik norakoak zuzenean jarraitzen.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)