HAITI
16 estatubatuar eta kanadar bat bahitu dituzte Haitin, tartean bost adin txikiko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ohioko misiolari talde bateko kideak eta beren senideak dira bahitutakoak. Hedabide estatubatuarrek 400 Mawozo taldeari egotzi diote bahiketa.
Haitin, 17 pertsona bahitu dituzte, 16 estatubatuar eta kanadar bat tartean. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak baieztatu duenez, Ohioko misiolari talde bateko kideak eta horien senideak dira bahitutakoak: zazpi gizon, bost emakume eta bost adin txikiko. Bahiketak ohikoak bihurtu dira Haitin, talde armatuen finantziazio iturri bihurtu baitira.
Larunbatean bahitu zituzten Christian Aid Ministries taldeko kideak, umezurztegi bat bisitatu ostean autobusean zihoazenean.
The Washington Post egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, bahitutako batek eman zuen abisua WhatsApp bidez.
Urtea hasi zenetik, 628 bahiketa izan dira herrialdean, eta guztira 29 atzerritar bahitu dituzte. Azken bi hilabeteetan bahiketak nabarmen ugaritu direla ohartarazi du CARDH Haitiko Giza Eskubideen Ikerketarako Azterketa Zentroak.
Uztailean Jovenel Moise presidentea hil zutenetik segurtasunik ezak eta indarkeriak gora egin dute Haitin.