Arrantza-gatazka
Erresuma Batuak 48 orduko epea eman dio Frantziari arrantzaren inguruan duten ika-mika konpontzeko
Agentziak | EITB MEDIA
Bestalde, Frantziak ohartarazi du asteartetik aurrera isunak jar diezazkiola Erresuma Batuari. Frantziaren esanetan, "brexit"aren akordioak arrantza-lizentzia gehiago aitortzen dizkio, baina gobernu britainiarrak ezetz dio.
Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri gaietako ministroak 48 orduko epea eman dio Frantziari bi herrialdek duten arrantza-gatazkaren inguruan egindako "mehatxuak bertan behera uzteko". Bi herrialdeak mokoka dabiltza azken hilabetean, eta joan den astean Frantziak ontzi britainiar bat atxiki zuenetik are goriago dago auzia.
Aurretik, Frantziak ohartarazi du asteartetik aurrera isunak jar diezazkiola Erresuma Batuari, baldin eta gobernu britainiarrak ez badizkio berak eskatutako arrantza-lizentziak ematen (brexit-aren akordioak aitortzen dizkiola uste du Macronen gobernuak).
Hori da, hain justu, auziaren iturria: Erresuma Batua Europar Batasunetik atera ostean, Mantxako Kanalean arrantzatzeko Frantziak dituen lizentziak. Erresuma Batuak 200 bat eman dizkio, baina Frantziak beste hamarnaka bat eskatzen ditu.
Truss ministro britainiarrak Sky News telebista kateari adierazi dioenez, bi herrialdeek ez dute akordiorik lortu, eta Frantziak "arrazoizkoak ez diren mehatxuak" egin dizkie arrantzale britainiarrei.
"Euren mehatxuak bertan behera utzi behar dituzte", azpimarratu du, eta erantsi "arazoa 48 orduan" konpondu behar dela.
Frantziak iragarri duenez, Frantziako hainbat portutan sartzea debekatuko die arrantza-ontzi britainiarrei eta osasun eta aduana kontrolak gogortuko ditu.
G20an ere, akordiorik ez
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak batzarra egin zuten atzo G-20ko goi-bileraren baitan. Johnsonek "mehatxuak" alde batera uzteko eskatu zion Macroni. Bilera gorabehera, bi agintariek ez zuten adostasunik lortu gai horren inguruan.