COP26
2030erako basoen deforestazioa gelditzeko konpromisoa hartu dute munduko 100 herrialdek baino gehiagok
AGENTZIAK | EITB Media
Akordioa sinatu duten herrialdeetan dauden mundu osoko basoen % 85. Gainera, 10.000 milioi euro bideratuko dituzte bost urtean basoak babesteko eta lehengoratzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Egunotan NBE Glasgow hirian egiten ari den klimari buruzko goi-bileraren baitan, 2030. urterako basoen deforestazioa gelditzeko konprometitu dira mundu osoko 100 herrialde baino gehiago. Gainera, akordioa sinatu duten herrialdeetako hamabik 10.300 milioi euro jarriko dituzte 2021etik 2025era bitartean basoak babesteko eta lehengoratzeko. Kopuru horri batu behar zaio inbertsio pribatuari dagokion zenbatekoa: 6.200 milioi euro.
100 herrialde baino gehiago horien artean hauek daude: Australia, Brasil, Txina, Kanada, Kolonbia, Costa Rica, Kolonbia, Ekuador, Ameriketako Estatu Batuak, Guatemala, Honduras, Indonesia, Norvegia, Peru, Erresuma Batua, Errusia, Turkia, Europar Batasuna edo Uruguai. Sinatzaile guztien artean 33,6 milioi kilometro karratu baso dituzte, mundu osoko basoen % 85.
Akordioari buruzko xehetasunak ezagutu zain, Erresuma Batuko Gobernuak aurreratu du akordioa COP26 goi-bileraren anfitrioi den heinean. Boris Johnson buru duen gobernuaren arabera, munduko basoak babesteko belaunaldi batek inoiz emandako aurrerapausorik handiena da.
Buruzagi kontserbadoreak azpimarratu duenez, "klima-aldaketa eta biodibertsitatea txanpon beraren bi aurpegi dira", eta, beraz, bati aurre egiten zaion bitartean, bestea babestu behar da.
Basoak ez ezik, komunitate indigenak babesteko konpromisoa ere hartu dute herrialdeek. Helburu hori lortze aldera, diru partida berriak onartzea aurreikusten da; besteak beste, munduko bigarren oihan tropikal handiena duen Kongo ibaiaren arroa babesteko.
Zifra katastrofikoak
Basoetan 60.000 zuhaitz espezie daude, anfibio espezieen % 80, hegazti espezieen % 75 eta lurreko ugaztunen % 68, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (PNUMA) datuen arabera.
Baina datuek hondamendi horren tamaina erakusten dute: izan ere, azken 13 urteetan 43 milioi hektarea baso suntsitu dituzte ekosistema horietan.
WWF mundu mailako erakunde ekologistak berriki egindako txosten batek ohartarazi duenez, baso-soiltzea duela hamarkada askotatik ari da gertatzen Amazonian, erdialdeko Afrikan, Mekongen eta Indonesian, baina beste fronte batzuk ere aipatzen ditu Afrika mendebaldean (Liberia, Boli Kosta edo Ghana), ekialdeko Afrikan (Madagaskar) eta Latinoamerikan, baita Mexiko eta Guatemalako Selva Maya bezalako lekuetan ere.
Txostenaren arabera, ez dago ikuspegi bakar bat eta, hortaz, aukera ezberdinak egon daitezke egoerari aurre egiteko, eta guztiak konbinatzea dela erantzun egokiena. Horretarako, baina, gobernuen, enpresen eta arautzaileen premiazko ekintzen alde egiten du.