Itxi

cop26

Europar Batasunak CO2ari muga-zerga bat aplikatuko dio hiru urteren buruan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zementua, burdina, altzairua, aluminioa, ongarriak eta elektrizitatea bezalako karbono ihesa izateko arrisku handia duten produktu batzuei eragingo die hasiera batean zergak.

Ursula Von der Leyen Klimaren Goi Bileraren une batean. Argazkia: EFE.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak karbono dioxidoaren isurketei prezioa jartzeko mekanismoak ezartzeko deia egin die nazioarteko herriei, eta ohartarazi du Europar Batasuna "hiru urteren buruan" hasiko dela zenbait produkturi CO2 muga-zerga ezartzen.

Von der Leyenek adierazi duenez, mekanismo hori "aplikatzen hasi baino 3 urte lehenago probatuko da" eta pixkanaka zabalduko da.

"Garrantzitsua da ahaleginak bertan behera ez uztea karbono-ihesak izateko arriskuagatik. Horregatik, 2030erako gure planak mugak doitzeko mekanismo bat barne hartzen du", adierazi du Von der Leyenek astearte honetan, COP26 konferentzia klimatikoaren esparruan.

Europar Batasuneko presidenteak gogorarazi du EBk isurien merkataritza-merkatu bat duela 2005 urteaz geroztik. Merkatu horretan, 11.000 industria-instalaziok eta 500 airelineak ordaindu behar dute isuritako CO2 tona bakoitzeko. Orain, Batzordeak zerga hori eraikinen klimatizaziora eta ibilgailuen garraiora ere zabaldu nahi du.

Gaur egun, CO2 tona 60 euro inguru ordaintzen da (69 dolar inguru), eta, gainera, Batzordeak proposatu die EBko estatu kideei eta Europako Parlamentuari sistema bat sortzea Europako merkatuan sartzen diren zenbait produkturen CO2a ere zergapetzeko.

"Hasieran, ihes egiteko karbono-arrisku handia duten produktu-kopuru mugatu bati aplikatuko zaio, zehazki, zementuari, burdinari, altzairuari, aluminioari, ongarriei eta elektrizitateari", esan du.

Mekanismo hori egia bihurtzetik urrun dago oraindik, baina EBk nazioarteko komunitateari presio egiteko erabiltzen duen tresna da, berotegi-efektuko emisioak ere zergapetzeko.

"Karbonoaren mugaren doikuntza hori klima-politikarako tresna gisa ikusten dugu. Mekanismorik onena, nire ustez, aplikatzen ez den bat izango litzateke, gure bazkide komertzial guztiek ere karbonoaren prezioa ezarriko luketelako", gaineratu du.

Albisteak (5)