Itxi

Brexit

Londresek Irlandarako protokoloa bertan behera uzteak "ondorio larriak" izango lituzkeela ohartarazi du EBk

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Era berean, Londresek Irlandako muga fisikoa saihesten duen konponbidea ezarri ahal izateko jarrera ez aldatzea "etsigarria" dela uste du Europako Batzordeak

Maros Sefcovic Erakundeen arteko Harremanetarako EBren presidenteordeak. Argazkia: EFE

Brexit akordioan jasotako Irlandarako protokoloa aldebakarreko erabaki baten bidez bertan behera uzten badu "ondorio larriak" izango direla ohartarazi dio Europako Batzordeak Erresuma Batuari.

Era berean, Londresek Irlandako muga fisikoa saihesten duen konponbidea ezarri ahal izateko jarrera ez aldatzea "etsigarria" dela uste du Europako Batzordeak.

16. Artikulua aktibatzeko aukerarekin Europar Batasuna (EB) mehatxatzen asteak eman ditu Erresuma Batuak. Protokoloaren zati batzuk aldebakarreko erabaki baten bidez bertan behera uzteko aukera emango lioke artikuluak Londresi.

"16. Artikulua aktibatzeak, protokoloa berriro negoziatzea bilatzeko, ondorio larriak izango lituzke, zalantzarik ez izan", adierazi du Maros Sefcovic Erakundeen arteko Harremanetarako EBren presidenteordeak.

Ipar Irlandarentzako ondorioak "larriak" izango lirateke, ohartarazi du politikariak, "ezegonkortasuna ekarriko lukeelako". Era berean, Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremanei eragingo diela uste du Sefcovicek, "protokoloa ezartzeko, irtenbide adostu bat bilatzeko, EBren saiakera errefusatuko luketelako".

Sefcovic eta David Frost Erresuma Batuko Brexit Estatu idazkaria Bruselan bildu dira, protokoloa aplikatzeko modu berriak negoziatzeko.

David Frost Erresuma Batuko Brexit Estatu idazkaria. Argazkia: EFE

Europako Batzordeko presidenteordearen ahotan, Erresuma Batuaren malgutasun falta "etsigarria" da, konponbidearen aplikazioa sinplifikatzeko formulak adosteko orduan.

Irlanda eta Ipar Irlandaren arteko merkataritza muga berriz itzultzea saihesten du protokoloak, baina Erresuma Batutik Ipar Irlandara doazen merkantzientzako kontrol berriak ekarri ditu. Ipar Irlandan EBren merkatu bakarreko arauak aplikatzen jarraitzen du Erresuma Batuak.

Karga burokratiko berriak produktuen eskasia eta tentsio politikoak eragin ditu Ipar Irlandan.

Gainera, Europar Batasuneko Auzitegiak protokoloaren inguruko tirabirak ebazteko ardurarik ez izatea eskatu du Erresuma Batuak orain. Arbitraje prozesu batek Auzitegia ordezkatzea proposatu du Londresek.

Era berean, protokoloa aldebakarreko erabaki baten bidez bertan behera uzteko mehatxu egin du berriro.

Albisteak (4)