Klima goi-bilera Glasgown
Greta Thunberg: "COP26 promesa politak egiteko itxurakeriaren jaialdi bat da"
Agentziak | EiTB Media
Milaka gaztek Glasgow hiria hartu dute Fridays For Future elkartearen protesta klimatikoan, Klima Goi-bileraren "promesa hutsen" aurka protesta egiteko.
Greta Thunberg ekintzaile suediarrak COP26 goi-bilera gogor kritikatu du ostiral honetan. "Itxurakeriaren jaialdi bat" bezala definitu du. "Promesa politak iragartzen dituzte", baina "gortinaren atzean ekintza klimatikoaren aldeko edozein ekimen atzera botatzen dute", salatu duenez.
Milaka gaztek Glasgow hiria hartu dute Fridays For Future (FFF) elkartearen protesta klimatikoan, Klima Goi-bileraren (COP26) "promesa hutsen" aurka protesta egiteko.
FFFren arabera, 25.000 manifestari bildu dira mobilizazioan. Poliziako iturriek esan dutenez, milaka manifestari izan dira kaleetan. Protestaren buruan indigenak izan dira.
"Zer nahi dugu? Justizia klimatikoa!" eta "klima aldaketa aberatsek pobreen aurka egindako gerra da" oihu eginez, milaka gazte ekintzailek haserrea azaldu dute, "klase politikoaren moteltasunaren" aurrean.
Poliziaren dispositibo zabal batek manifestazioa estu hartu du hiriaren erdialdean, baina ez da istilurik izan George Square plazara bidean. Bertan agertoki bat zain zuten. Bozeramaile indigenek eta krisi klimatikoak eragindako desberdintasunek kaltetutako gazteek egoera deskribatu dute.
Manifestariak Glasgown (Eskozia). Argazkia: EFE
Thunberg bibaka hartu dute manifestariek, ekintzaile suediarra agertokira igo denean. "Buruzagiek natura eta pertsonak nahita esplotatzen jarraitzen dute", nahiz eta "bizi-baldintzak suntsitu", adierazi du Thunbergek.
Suediako ekintzaileak ziurtatu duenez, "COP26 porrot bat da; klimaren goi-bilerak harreman publikoetarako ekitaldiak bihurtu direla bistakoa da". Thunbergen hitzetan, "pobrezia eta desberdintasuna betikotzeko soilik balio dute", eliteak "etekinak mantentzen" dituen bitartean.
Bestalde, Vanessa Nakate Ugandako ekintzaileak esan duenez, "COP berri batean gaude, baina, zenbat gehiago egin beharko ditugu buruzagiak Lurra suntsitzen ari direla ohartzeko?".
"Nire herriko klima, Uganda, azkar aldatzen ari da", ohartarazi du Nakatek. "Jendea hiltzen ari da, eta umeek ikasteari uzten diote; Afrikan egunero gertatzen den hondamendia da", erantsi du. Nakateren hitzetan, kontinentea, "klima aldaketaren lehen lerroan dago, baina ez da sekula egunkariko azalean agertzen".