HAUTESKUNDEAK
Oposizioa espetxean edo erbestean dela, Ortegak irabazi ditu Nikaraguako hauteskundeak botoen % 75 eskuratuta
AGENTZIAK | EITB Media
Gobernuaren aurkako oposizioak bozetan ez parte hartzeko deia egina zien nikaraguarrei, hauteskunde iruzurra argudiatuta. Hauteskunde Batzordearen arabera, parte-hartzea % 65ekoa izan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Daniel Ortega Nikaraguako egungo presidente eta berraukeratako hautagaiak irabazi ditu herrialdean atzo egin ziren hauteskunde orokorrak, botoen % 74,99 eskuratuta, Hauteskunde Batzordeak astelehen honetan emandako lehen datuen arabera. Gauzak horrela, Daniel Ortegak agintean jarraituko du, eta beste bost urte egingo ditu boterean.
Presidente izateko aurkeztu ziren zazpi hautagai espetxean daude eta beste bi, ostera, erbestean. Gauzak horrela, 2007tik boterean dagoen Daniel Ortega zen ia aukera bakarra. Hori dela eta, bozetan ez parte hartzeko deia egina zien oposizioak nikaraguarrei, hauteskunde iruzurra argudiatuta.
Hauteskunde Batzordearen arabera, parte-hartzea % 65,34koa izan da. Hala ere, Hautetsontzi Irekiak izeneko behatoki independentearen esanetan abstentzioa % 81,5ekoa izan da.
Guztira, 4,4 milioi nikaraguar zeuden botoa ematera deituta. Atzoko bozetan presidentea ez ezik, presidenteordea, Asanblea Nazionaleko 90 diputatu eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko (Parlacen) 20 ordezkari hautatu behar zituzten.
Botoen % 49,25 zenbatuta, Daniel Ortega presidentearen Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak (FSLN) irabazi ditu hauteskundeak botoen % 74,99rekin. Alde handiarekin atzetik ageri dira Alderdi Liberal Konstituzionalista (% 14,4), Bide Kristau Nikaraguarra (% 3,44), Nikaraguako Aliantza Liberala (% 3.27), Errepublikaren aldeko Aliantza (% 2,2) eta Alderdi Liberal Independentea (% 1,7).
Protestak Costa Rican
Costa Rican erbesteratuta dauden milaka nikaraguar kalera atera dira igande honetan, herrikideei ez bozkatzeko deia egiteko eta nazioarteko komunitateari hauteskunde emaitzak ez onartzea eskatzeko.
Human Rights Watch (HRW) erakundeak, bere aldetik, Nikaraguako hauteskundeak fartsa edo iruzur bat direla salatu du.
Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak Nikaraguari zigorrak ezartzearekin mehatxu egin du.