Itxi

Migrazio krisia

Gobernu poloniarrak Bielorrusiako muga itxi du presentzia militarra indartuta

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Varsoviak tentsio igoera iragarri du Poloniako mugan. Salatu dutenez, Lukashenkok Bielorrusiatik igarotzea errazten die, EBren aurkako arma politiko gisa. Bitartean, ehunka pertsona, besteak beste, adingabeak, irtenbide baten zain daude, hotza gainean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Poloniako Gobernuak Bielorrusiako mugan presentzia militarra handitzea erabaki du Europar Batasunean asiloa bilatzen duten migratzaileak pilatzen ari direlako bertan. Prest dago izan daitezken istiluetarako eta inguruetako errepideetan ibiltzea debekatu du.

Varsoviak iragarri duenez, soldadu gehiago bidaliko ditu Bielorrusiako mugara, gaur egun 12.000 daude jada bertan. Gainera,  bi batailoi mobilizatzeko agindua eman dute Podlasiako probintzian (ekialdea), irailaren 2tik larrialdi egoeran dauden Poloniako hiru eskualdeetako batean.

Halaber, Poznan, Gdansk eta Lodz hirietako polizia-indarrak ere bertaratu dira, zaintza lanetan laguntzeko.

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak adierazi duenez, "muga ixtea Poloniaren interes nazionala" da; izan ere, hark dioenez, Polonia ez ezik "Europar Batasun (EB) osoaren egonkortasuna eta segurtasuna ere mehatxupean daude".

"Ez gara kikilduko eta bakea defendatuko dugu Europan NATOko eta EBko kideekin", esan du Poloniako gobernuburuak.

Astelehen gauean, Kuznica inguruan, Polonia eta Bielorrusiarren arteko muga mugatzen duen hesiaren aurrean 2.000 pertsona baino gehiago pilatu ziren eta, itxitura eraisten saiatu zirenean, ur kanoiekin geldiarazi zituzten Poloniako mugako indarrek.

Bideoetako batean, tiro hotsak entzuten dira Bielorrusiako aldean, Waldemar Skrzypczak jeneral poloniarraren iritziz, migratzaileen "exekuzioak izan daitezkeenak" Poloniako mugan mantentzera behartzeko. Izan ere, "Bielorrusiarrak edozer egiteko gai dira", esan du.

Bestalde, Poloniako beste ofizial batek, Roman Polko jeneralak, adierazi duenez, migratzaileen artean "Bielorrusiako zerbitzu sekretuko kide izatearen zantzuak" dituzten pertsonak daude. Minskeko agintariek errefuxiatuei "kazetarien eta Poloniako erakundeen telefono-zenbakiak" ematen dizkietela esan du infiltrazioak koordinatzeko. Gainera, "haurrak enpatia eragiteko erabiltzen" dituztela esan du.

Elzbieta Witek Poloniako Parlamentuko presidenteak ezohiko bilkura deitu du egoera aztertzeko, eta jakinarazi du bere Gobernua "edozein egoeratarako prest" dagoela.

Joan den udaberritik, Bielorrusiatik Poloniara legez kanpo igarotzeko saiakerak ugaritu egin dira, eta Poloniak eta EBk uste dute hori Europa ezegonkortzeko Aleksander Lukashenkok egindako plan baten emaitza dela.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Bielorrusiaren aurkako zigor berriak onartzeko deia egin die Europar Batasuneko herrialdeei, Bielorrusiak migrazioa hogeita zazpien aurkako arma politiko gisa erabiltzen duela argudiatuta.

Lau Nobel sariren eskaera

Olga Tokarczuk (Polonia), Svetlana Alexievich (Bielorrusia), Herta Müller (Alemania) eta Elfriede Jellinek (Austria) Literaturako Nobel saridunek Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan gertatzen ari den "tragediaren aurrean begiak ez ixtea" eta irtenbide humanitario bat bilatzea eskatu diote Europako Parlamentuari gutun batean.

Idatzian diotenez, Poloniako Gobernuak ezarritako salbuespen-egoeraren ondorioz, osasun-langileak ezin dira sartu gaixoei laguntzera, eta komunikabideei ere bidea itxi zaie; beraz, iristen diren informazioak zatikatuak dira.

Alexander Lukaschenko Bielorrusiako presidenteak errefuxiatuak Minskera erakartzen dituela salatu dute, eta handik Poloniako mugatik gertu dauden basoetara eramaten dituela. "Indarrez eramaten dituzte hara eta indarrez itzultzen dituzte Poloniako mugako agintariek ere. Kasurik larrienetan, hil ere egiten dira batzuk bidean", ohartarazi dute.

"Krisi humanitario hau ahalik eta azkarren konpontzea eskatzen dugu, Genevako konbentzioaren errefuxiatuentzako arauak errespetatzea eta asilo-prozedurarako sarbidea ematea hala eskatzen duten eta EBko mugan harrapatuta dauden guztiei", gaineratu dute.

Albisteak (2)

Bideoak (1)