Itxi

MIGRAZIO KRISIA

EBren eta Bielorrusiaren arteko gatazkan bitartekari izateko eskatu dio Merkelek Putini

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Errusiako presidenteak herrialdeen arteko elkarrizketa zuzena defendatu du. Halaber, Errusiako Gobernuaren arabera, ez Poloniak ezta Lituaniak ere ez diote gatazkan bitartekari izateko eskatu.

Angela Merkel eta Vladimir Putin, bi agintariek abuztuan egindako bileran. Artxiboko argazkia: EFE

Europar Batasunaren eta Bielorrusiaren arteko gatazkan bitartekari gisa aritzeko eskatu dio Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Vladimir Putin Errusiako presidenteari. Azken horrek, ordea, migrazio krisiak eragindako herrialdeen arteko elkarrizketa zuzena defendatu du.

Bi agintariek telefonoz hitz egin dute Polonia eta Bielorrusia arteko mugan gertatzen ari denaz. Azken egunetan milaka lagun elkartu dira bertan Europar Batasunean sartzeko helburuarekin. Aleksandr Lukaxenkoren gobernua migratzaileak Europar Batasunari presioa egiteko erabiltzen ari dela salatu du Angela Merkelek, eta jokabide "ankerra" eta "onartezina" dela dio.

Herrialde kaltetuen arteko zuzeneko elkarrizketak egitea proposatu du Vladimir Putinek. Errusiako eta Bielorrusiako presidenteek atzo bertan hitz egin zuten telefonoz, eta gaur bi herrialdeetako Atzerri ministroek bilera egin dute Moskun. Errusia da, hain zuzen ere, Bielorrusiaren aliatu nagusia.

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, bere aldetik, Europar Batasunaren eta Bielorrusiaren arteko gatazka Errusiara ez zabaltzeko deia egin du. Are gehiago, gatazkari hauspoa ez emateko eskatu du. Lavrovek gatazka elkarrizketaren bidez konpontzearen alde egin du, eta Bielorrusia horretarako prest dagoela ziurtatu du.

Lavroven esanetan, ez Poloniak ezta Lituaniak ere ez diote gatazkan bitartekari izateko eskatu Errusiari. 

Albisteak (6)