Itxi

Nahigabeko hilketa filmatzean

Salaketa aurkeztu dute Baldwinen eta filmeko hainbat kideren kontra, arduragabekeria egotzita

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Rust" pelikulako argiztapen buruak uste du ekoizleek "dirua aurreztu" nahi izan zutela behar baino jende gutxiago kontratatuta. Horri egotzi dio Baldwinek atrezzokoa behar zuen pistola batekin izandako zorigaiztoko istripua: argazki zuzendaria hil zuen.

Serge Svetnoy, Baldwinen kontrako salaketa aurkeztu duen argiztapen zuzendaria. Argazkia: EFE

Serge Svetnoy "Rust" pelikulako argiztapen buruak Alec Baldwin ekoizle eta aktore estatubatuarra eta filmeko hainbat kide salatu ditu arduragabekeria egotzita. Filmatzean Halyn Hutchins argazki zuzendaria hil zuen aktoreak, atrezzoko pistolak huts egin ostean.

Svetnoyk prentsaurrekoa eskaini du Los Angelesen salaketaren berri emateko, eta azaldu du bera ere zauritu zuela Baldwinek. "Neure begiokin ikusi nuen arma batzuk zaintza gabe utzi zituztela, lurrean, jaramonik egin gabe", kritikatu du.

Argiztapen zuzendariaren iritzian, Bonanza Creek arrantxoan (Santa Fe, Mexiko Berria, AEB) egindako filmatzean izandako irregulartasun horiengatik jazo zen zorigaiztoko istripua. Baldwinez gain, David Halls zuzendari laguntzailea eta Hannah Gutierrez-Reed armen kontrolaren arduraduna salatu ditu Svetnoyk.

Salaketan jaso duenez, Gutierrez-Reedek "arduragabekeriaz" jokatu zuen 45 kalibreko Colt errebolberra David Hallsi emanda, eta zuzendari laguntzaileak ere ez zuen arma gainbegiratu. Baldwinek ere, "dena ondo zegoela egiaztatu behar zuen arren", ez zuen halakorik egin. Denei, bada, arduragabekeria egotzi die.

Svetnoyk prentsaurrekoan azaldu duenez, "ziur nago ekoizleek erruaren zati handi bat dutela, dirua aurreztu nahi izan zutelako suzko armak modu seguruan kontrolatzeko behar ziren langileak baino gutxiago kontratatu zituztelako".

Albisteak (1)