'Brexit'a
Bruselak eta Londresek tentsioa baretu dute Ipar Irlandaz negoziatzen jarraitzeko
agentziak | eitb media
Datorren astean harreman "etengabeak" izaten jarraitzeko asmoa agertu dute, Bruselan, eta ostiralean Sefcovic eta Frost EBko eta Britainia Handiko ordezkariak elkartuko dira emaitzak aztertzeko.
Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteorde eta Erresuma Batuarekiko harremanen arduraduna eta David Frost Brexiterako ministro britainiarrak beste batzar bat egin dute gaur, eta amaieran nabarmen geratu da Brusela eta Londresen arteko tentsioa baretu egin dela, izan ere, Irlandako protokoloaren negoziazioari eusteko konpromisoa agertu dute.
"Onartu eta txalotu egiten dut David Frostekin gaur izan dudan eztabaidan izan den tonu aldaketa, eta espero dut honek emaitza eraginkorrak izatea Ipar Irlandako herritarrentzat", adierazi du Sefcovicek Londresen egindako bileraren ostean zabaldutako ohar batean.
Bi aldeek iragarri dute datorren astean ere "etengabeko" elkarrizketak egongo direla, Bruselan oraingo honetan, eta ostiralean Sefcovic eta Frost elkartuko direla negoziazioen emaitzak aztertzeko.
Ipar Irlandako protokoloa praktikan jartzea zailtzen duten oinarrizko gaietan aurrera egitea omen da helburua. Brexitaren ostean Irlandan muga fiskora itzultzea galarazteko sistema bat da protokolo hori, Ipar Irlandaren eta Irlandaren arteko merkantzien joan-etorriak kontrolatzea helburu duena, bigarrena EBko kide baita.
Bruselak burokraziaren zati handi bat eta merkantzien kontrola arintzeko proposamen bat aurkeztu zuen duela aste batzuk.
Alde britainiarrak protokoloaren 16. artikulua martxan jartzeko mehatxua egin zuen. Horrek bertan behera utziko luke akordio guztia, eta Bruselak erantzuteko mehatxua egin zuen, baina Frostek eta Sefcovicek gaur azpimarratu dute oraindik elkarrizketarako tartea badagoela, irtenbide komuna bilatzeko.