Alemania
Sozialdemokratek, Berdeek eta Liberalek hiruko gobernua osatuko dute Alemanian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Olaf Scholz kantziler izendatzeko inbestidura-saioa abenduaren 6ko astean egingo dute eta datozen egunetan iragarriko dituzte ministro berriak nortzuk izango diren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Olaf Scholz sozialdemokratak jakinarazi du akordio bat egin duela Berdeekin eta Alderdi Liberalarekin koalizio gobernua osatzeko, eta azpimarratu du pandemiari eta larrialdi klimatikoari aurre egitea izango direla exekutibo berriaren erronka nagusiak Angela Merkelen osteko aroan.
Lehendabiziko aldia izango da Alemanian hiruko gobernu batek agintzen duela. Ibilbide orriaren arabera, Scholz kantziler izendatzeko inbestidura saioa abenduaren 6ko astean egingo dute Parlamentuan eta datozen egunetan iragarriko dituzte ministro berriak nortzuk izango diren.
Hala ere, Alemaniako hainbat komunikabidek dagoeneko aurreratu dute Robert Habeck buruzagi liberalak zuzenduko dituela Finantza eta Ekonomia eta Ingurumena ministerioak.
Alderdi Sozialdemokratak irabazi zituen irailaren 26an egindako hauteskunde orokorrak, botoen % 25,7 eskuratuta. Berdeek inoizko emaitzarik onena lortu zuten, botoen % 14,8 bereganatuta. Alderdi Liberalak, berriz, botoen % 11,5a eskuratu zuen.
Testuinguru horretan, Scholzen alderdiak zazpi ministerio zuzenduko ditu, tartean Osasuna, Etxebizitza, Defentsa, Segurtasuna, Enplegua eta Gizarte Gaiak.
Berdeen esku bost ministerio egongo dira eta litekeena da Annalena Baerbockek zuzentzea Atzerri Ministerioa.
Finantzak, Justizia, Garraioa eta Hezkuntza ministerioak, berriz, Alderdi Liberalarentzat izango dira.