Itxi

Hauteskundeak Hondurasen

Xiomara Castrok garaipena lortu du eta Hondurasko lehen emakumezko presidentea izango da

Agentziak | Eitb Media

Leer en Castellano

Botoen zenbaketa amaitu ez den arren, Castrok botoen % 53 eskuratu ditu eta Nasry Asfura oposizioko buruak porrota onartu eta Castro zoriondu du.

Castroren aldekoak garaipena ospatzen, Tegucigalpan. EFE

Xiomara Castro ezkertiarrak tinko jarraitzen du igandean Hondurasen izandako hauteskunde orokorretako emaitzetan, Nasry Asfura ofizialistari % 20ko abantaila ateratzen dio boto kontaketan. Asfurak onartu du porrota dagoeneko eta, zantzu guztien arabera, Hondurasko hurrengo presidente izan dena zoriondu du, aurrez aurre, haren etxera bertaratuta. 

Castro, Libertad y Refundación (Libre, ezkerra) alderdiko burua lehen postuan dago hauteskunde-emaitzetan 986.902 boto ditu dagoeneko (% 53,29), Nasry Asfura Alderdi Nazionaleko buruak 632.709 boto (% 34,17) lortu ditu, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren (CNE) arabera.

Hauteskunde-erakundeak 1,9 milioi boto zenbatuak zituen, igande gauetik bart gaueko 23:00ak arte (05:00 GMT). 5,1 milioi hautesle zeuden hautestontzietara deituak eta parte-hartzea % 68,27koa izan da.

CNEko agintariek gaur berretsi dutenez, boto-kontaketa motela bada ere, ziurra da, eta Hondurasko herritarrei "konfiantza eta pazientzia" izateko eskatu diete, botoak ahalik eta segurtasun eta gardentasun handienarekin prozesatzen ari direlako.

Bozketen egunetik, CNEk 30 egun ditu hauteskunde orokorretako emaitzen berri emateko. Hamalau alderdik eta hamabi presidentegaik parte hartu zuten igandeko hauteskundetan, presidente bat, hiru presidenteorde, 298 alkate, tokiko Parlamenturako 128 diputatu eta Ertamerikako Parlamenturako 20 dipitatu aukeratzeko.

Presidente izendatzen badute, Xiomara Castro Hondurasko Presidentetza Etxera iristen den lehen emakumea izango da eta 2022ko urtarrilaren 27an agintea utziko duen Juan Orlando Hernandez ordezkatuko du.

Libre alderdiak Alderdi Nazionalaren hamabi urteko agintaldi jarraituarekin hautsiko du. Porfirio Loborekin hasi zen agintaldi hori 2010eko urtarrilean, 2009ko azaroko hauteskundeak irabazi ondoren, Manuel Zelaya orduko presidentea, Xiomara Castroren senarra, kargutik kendu zuten urte berean.

Hirugarren aldia da Xiomara Castro herrialdeko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu dela, aurreko bi aldietan presidentetzarako berariazko aliantza bat eratuta aurkeztu zen. 

Albisteak (2)