Itxi

ameriketako estatu batuak

Google konpainiak txertatu ez diren langileak kaleratuko ditu

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Politika hau ez da EMEA (Europa, Ekialde Hurbila eta Afrika) eskualdeko bulegoetan aplikatuko. Izan ere, Estatu Batuetan Biden presidentearen agindua betetzen ari da konpainia, covid-19aren aurkako txertaketa eskatu baitie kontratista federalen langileei.

Neurriak AEBko bulegoei eragingo die. Artxiboko argazkia: EFE

Google erraldoi teknologiko estatubatuarrak bere langileei jakinarazi dienez, covid-19aren aurka txertatu ez direnek lanean baja hartu beharko dute nahitaez, eta aurrerago kaleratu ahalko dituzte, koronabirusaren aurka txertatu ezean. Barne-zirkular baten bidez eman die horren berri enpresak langileei, CNBC kateak jakitera eman duenez.

Hala, multinazionalak abenduaren 3ra arteko epea eman zuen langileek txertatuta zeudela frogatzeko edo, bestela, salbuespen medikoa edo erlijiosoa eskatzeko. Egun hori heldutakoan, probak aurkeztu ez zituzten langileekin zein salbuespen-eskaerak onartuta ez zituztenekin harremanetan jarri zen.

CNBCk ikusitako agiriaren arabera, urtarrilaren 18an txertaketa neurriak bete ez dituzten langileei baja administratibo ordaindua emango diete 30 egunetarako, eta egun horiek igarota, enpresak ordainik gabeko baja emango die, egoera berean jarraituz gero lan-harremana bertan behera utzita.

Google konpainiako bozeramaile batek adierazi duenez, "langileen segurtasuna eta gure zerbitzuen funtzionamendua mantentzeko modurik garrantzitsuenetako bat dira gure txertaketa baldintzak", eta gaineratu du "ahal dugun guztia" egiteko konpromisoa hartu dutela "gure langileak txerta daitezen laguntzeko".

Multinazionalaren esanetan, politika hau ez da EMEA (Europa, Ekialde Hurbila eta Afrika) eskualdeko Googleren bulegoetan aplikatuko. Izan ere, Estatu Batuetan Biden presidentearen agindua betetzen ari da konpainia, covid-19aren aurkako txertaketa eskatu baitie kontratista federalen langileei.

Bidenen administrazioak agindua eman die 100 langiletik beherako enpresei, euren langileak erabat txertatuta daudela ziurtatzeko urtarrilaren 18a heldu aurretik, baita covid-19aren aldizkako probak egiteko ere. Edonola ere, agindua judizialki blokeatu dute, horren konstituzionaltasuna sakon aztertu bitartean.

Zentzu horretan, konpainiak azpimarratu du AEBn hasi dela lehenbizikoz bere txertaketa politika ezartzen, eta gainerako herrialdeetara hedatuko duela, tokian tokiko legeriak eskatzen duen heinean.