Filipinas
300 hildako baino gehiago eta 1,8 milioi lagun kaltetuta Filipinetan, Rai tiforiaren ondorioz
Agencias | Eitb Media
239 pertsona zauritu dira eta 56 desagertuta daude. Tifoiak 240 kilometro orduko haizearekin jo zuen lurra ostegunean, eta bederatzi uharte zeharkatu ditu ekialdetik mendebaldera; kalte handiak eragin ditu etxebizitzetan eta azpiegituretan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 375 pertsona hil dira eta 56 desagertuta daude Filipinetan ostegunetik larunbatera artxipelagoa astindu duen Rai tifoiaren ondorioz eta beste 239 pertsona zauritu dira, Filipinetako Polizia Nazionalak astelehen honetan jakitera eman duenez. Gizarte Ongizate eta Garapen Sailak (DSWD) esan duenez, bestalde, 1.805.005 pertsona dira kalteak jasan dituzten pertsonak, 450.000 familia inguru.
Tifoiak ostegunean jo zuen lurra, 240 kilometro orduko haize boladekin, eta bederatzi uharte zeharkatu ditu ekialdetik mendebaldera; kalte handiak eragin ditu etxebizitzetan eta azpiegituretan.
Eskualde kaltetuenak Bicol, Bisayas Centrales, Mendebaldeko Bisayas, Ekialdeko Bisayas, Caraga, Davao, Mimaropa eta Zamboanga penintsula izan dira. 500.000 pertsona inguruk euren etxea utzi behar izan dute eta 2.481 ebakuazio-zentrotan daude; beste 193.000tik gora pertsonak senide edo lagunen etxean hartu behar izan dute ostatu.
Gainera, DSWDk azpimarratu duenez, kaltetutako zonaldeetan arazoak izaten ari dira hornidura elektrikoarekin eta Interneterako sarbidearekin, eta, hori dela eta, "bereziki zaila" gertatzen ari da kaltetutako herritarrei buruzko datuak biltzea.
Bestalde, Rodrigo Duterte Filipinetako presidenteak "arroz eta ur konboi bat" helaraziko duela agindu du eta, esan duenez espero du, aurki 4.000 milioi peso filipinar (71,2 milioi euro inguru) askatu ahal izatea hondamendiari aurre egiteko.
Agintariak azpimarratu duenez, 2.000 milioi peso (35,6 milioi euro inguru) Rai tifoiak kaltetutako tokietako agintariei bideratuko zaizkie, eta beste 2.000 milioi euroak bizirik atera direnei laguntzeko izango dira.
Dutertek aitortu duenez, Gobernuak "zor handiak" ditu koronabirusaren pandemiari aurre egiteko kostuengatik, eta 2022ko aurrekontuen zain egon beharko dela aurreratu du, "gastatzeko dirua eskura izateko", ABS-CBN Filipinetako telebista kateak jaso duenez.
Segurtasuna bermatzeko asmoz Poliziak bere jarduera indartu du, batez ere supermerkatuetan, hornigaiak erosteko ilara luzeak sortzen ari baitira.