Itxi

Covid-aren aurkako txertoa

Djokovic Australiako Auzitegiaren zain, astelehenean aztertuko baitu bere kasua

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Tenis jokalari serbiarra ez dute deportatuko auzitegiak bere egoera aztertu arte, eta Melbourneko hotel batean itxita jarraituko du, eraikinetik ezin aterata.

Txertoen aurkako eta Djokovicen aldeko manifestazioa, Australian. Argazkia: Efe

Australiako Auzitegiak astelehenean aztertuko du Novak Djokovic tenislariaren helegitea. Munduko tenis jokalari onenaren bisa atzera bota zuten Australiako agintariek, Australiako Irekian jokatzeko lortu zuen mediku salbuespena okerra zelako. 

Atariko saio azkar baten ostean, Anthony Kelly Melbourneko auzitegiko epaileak argudio gehiago aurkezteko eskatu zien bi aldeei, astelehenean, 10:00etatik aurrera, aztertzeko.

Djokovic oraindik ez dute deportatuko, auzitegiak gaia aztertu arte, eta Melbourneko hotel batean itxita jarraituko du, eraikinetik ezin aterata.

Bisa okerra

Australiako Gobernuak herrialdean sartzea galarazi zion Novak Djokovic tenislari serbiarrari, munduko onenari, bisa okerra zuelako eta Australiako Irekian, denboraldiko lehenengo 'Grand Slam'ean, parte hartzeko lortu zuen salbuespen medikua ez zuelako betetzen. Djokovicek ez du covid-19aren aurkako txertorik hartu nahi izan, eta Australian sartzeko derrigorrezkoa denez, salbuespen mediku bat baliatu nahi izan du.

Djokovic zortzi orduz izan zuten atxikita Melbourneko aireportuan, eta ez zioten herrialdean sartzen utzi Dubaitik iritsitako hegaldian. 'Nole'k bezperan jaso zuen baimena, eta Australiako pista azkarren titulua berreskuratzeko asmotan iritsi zen.

Baina asteazkenean, aireportura iritsi zenean, agintariek ukatu egin zioten bisa, ez zuelako salbuespen medikua betetzen: ez zuelako alergia prozesurik izan, ebakuntza bat edo bestelako arrazoi sinesgarri bat.

Hori horrela, Djokovicen sartzeko eskaera atzera bota zuten ez zuelako Australian sartzeko "froga egokirik" aurkeztu.

Ez da jazarpenaren biktima

Scott Morrison Australiako lehen ministroak ukatu egin du munduko tenis jokalari onena jazartzen ari direnik, Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak dioenaren aurka.

"Australiak arau argiak ditu mugen inguruan, eta ez du diskriminatzen", adierazi du Morrisonek Canberran emandako prentsaurreko batean, azken orduan bisa atzera bota izanak "Australiako mugak babesteko legearen zentzuzko aplikazioari" erantzuten diola aipatu aurretik.

Vucicek asteazkenean esan zuen Djokovic defendatzeko borroka egingo dutela serbiarrek, eta agintari balkandarrak lanean ari direla jokalariaren aurkako "jazarpena" gelditzeko.

"Mundu berriaren Espartako"

Tenislariaren aitak, Srdjan Djokovicek, salatu du agintari australiarrek semea "preso" dutela ez duelako covid-19aren aurkako txertoa jaso. Aitak adierazi du "mundu libre guztia altxatu" beharko litzatekeela injustizia horren aurka, eta "mundu berriaren Espartako" babestu.

"Novakek eta bere taldeak arazorik izan ez duten beste 25 tenislarik aurkeztutako agiri berberak aurkeztu zituzten", adierazi zuen Sky Newsen. "Umildu egin nahi zuten. Esan zezaketen 'Ez zaitez etorri, Novak', eta hori hobeto egongo legoke. Baina ez, umildu egin nahi zuten, eta oraindik preso daukate", gaineratu zuen semea hotel batean egiten ari den berrogeialdiaren harira.

Hori horrela, berretsi zuen tenislaria ez dagoela "atxilotuta, preso baizik". "Bere gauza guztiak eraman zituzten, diru-zorroa ere bai, eta telefonoa soilik utzi zioten, arropaz aldatzeko aukerarik gabe", azaldu zuen.

Nadalen erantzuna

Bestalde, Rafa Nadal Balear Uharteetako tenislariak pena agertu du Djokovic igarotzen ari denagatik, eta azaldu du "norbera erabakiak hartzeko libre" bada ere, jakin egin behar duela "ondorioak" izan ditzakeela.

"Nire ustez, nahi izan balu, Australian jokatzen egongo litzateke. Bere erabakiak hartu zituen, eta guztiok gara libre nahi dugun erabakiak hartzeko, baina gero ondorioak daude", azaldu zuen prentsaurreko batean.