Itxi

HERIOTZA

David Sassoli, Europako Parlamentuko presidentea, hil da 65 urte zituela

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Astearte goizaldean hil da Avianoko (Italia) ospitalean. Abenduaren 26tik ospitaleratuta zegoen, sistema immunitarioko disfuntzio bat izan eta konplikazioak izan ondotik.

David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea hil da goizaldean, 65 urte zituela, haren bozeramaileak Twitter bide jakinarazi duenez.

Politikari italiarra 01:15ean hil da Avianoko (Italia) ospitalean.

Irailean pneumoniak jota egon zen eta bi hilabete behar izan zituen osatzeko. Gaixotasuna gaindituta, duela gutxi itzuli zen bere eguneroko jardunera. Abenduaren 26an, ordea, ospitaleratu egin behar izan zuten sistema immunitarioko disfuntzio bat izan eta konplikazioak izan ondotik

Dena den, atzora arte ez zen ospitalean zegoela.

Sozialdemokrata italiarra 2019ko uztailetik zen Europako Parlamentuko presidente. Hain zuzen ere, bere agintaldiaren amaieran hil da. Izan ere, Europako Parlamentuak datorren asteartean aukeratuko du presidente berria.

Erreakzioak

David Sassoliren heriotzaren berri izan ondotik, Europar Batasuneko beste buruzagi batzuek beren atsekabea agertu dute sare sozialetan zabaldu dituzten mezuetan.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak azpimarratu duenez, politikari italiarraren giza berotasunaren, eskuzabaltasunaren, adeitasunaren eta irribarrearen falta sumatuko du. "Triste eta hunkituta nago David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearen heriotzarekin", onartu du Belgikako lehen ministro izandakoak bere Twitter kontuan argitaratu duen mezuan. Halaber, doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei.

Ildo beretik, triste mintzatu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere. "Biziki tristatzen nau europar handi eta italiar harroaren galerak", adierazi du Von der Leyenek Twitterren. Sassoli "kazetari errukiorra ez ezik, Europako Parlamentuko presidente nabarmena eta, batez ere, lagun maitea zen", adierazi du Alemaniako politikariak. "Goian bego, David maitea!", esanez amaitu du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere bere doluminak eman dizkie David Sassoliren senide eta lagunei, eta pandemia garaian "Europar Batasun batuago eta sozialago" baten alde egin duen lana goraipatu du. Sanchezen esanetan, "lagun progresista eta balore europarren defendatzaile sutsu gisa" gogoratuko du.