Itxi

Erresuma Batua

Boris Johnsonek dimisioa emateko presioa areagotu da, Downing Streeteko festan izan zela aitortu ondoren

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Hala ere, lehen ministroak nekez emango du dimisioa, baina Gobernuan bai eman daitezke edo diputatu toryek buruzagia ordezkatzeko konfiantza mozio bat bultzatzea.

Erresuma Batuko egunkariak. Argazkia: EFE

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ekitaldi ofizial bat bertan behera utzi du ostegun honetan, eta harreman pertsonalak mugatuko ditu datorren asteartera arte, familiako kide batek covid-19an positibo eman ondoren. Bitartean, dimisioa emateko presioa areagotu da Erresuma Batuan, konfinamenduan zehar Downing Streeteko festan parte hartu zuela onartu ondoren.

Buruzagi toryak barkamena eskatu zuen asteazkenean Parlamentuan, Martin Reynolds idazkari pertsonalak antolatutako jaira joan izanagatik, baina "lanerako hitzordu bat" zela pentsatu zuela ziurtatu zuen. Reynoldsek "eguraldi ona" aprobetxatuz "edatekoa ekartzeko" eskatu zuen posta bidez.

Azalpenak ez zuen oposizio laborista konbentzitu, ezta diputatu kontserbadore asko ere. Horrela, Douglas Ross Eskoziako Alderdi Kontserbadorearen buruzagiak Johnsonen dimisioa eskatu zuen.

Herritar baten protesta Downing Streeten. Argazkia: EFE

Ministro gehienek, aldiz, agintaria babestu dute oraingoz, Sue Gray funtzionarioak datorren astean barne ikerketa bukatu arte gutxienez. Gray konfinamenduetan zehar Downing Streeten izan ziren bilera sozialak ikertzen ari da.

Beraz, arreta guztia Grayren ikerketan dago jarrita orain, baina adituen ustez, seguraski gertatutakoa deskribatzera mugatuko da, erantzukizunik banatu gabe.

Grayk ebazten duenaren arabera, Gobernuan dimisioak eman daitezke edo diputatu toryek buruzagia ordezkatzeko konfiantza mozio bat bultza dezakete. Horretarako, gutxienez 54 eskaera behar dituzte (Komunen Ganberan 360 parlamentari dituzte kontserbadoreek).

Johnsonek, ordea, nekez emango du dimisioa; izan ere, Erresuma Batuko gainerako politikariek baino krisi gehiago gainditu ditu bere ibilbidean zehar.

 

Albisteak (2)