ERRESUMA BATUA
Boris Johnsonen gaineko presioa areagotzen ari da, Downing Streeten egindako beste bi festarengatik
AGENTZIAK | EITB Media
"The Telegraph" egunkariak zabaldutakoaren arabera, bi agur afari egin zituzten 2021eko apirilaren 16an, orduan indarrean zeuden neurriak urratuta. Gainera, dolu nazionala ezarria zuten Erresuma Batuan, Isabel II.a erreginaren senarraren heriotzagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa egoera estuagoan dago, eta geroz eta gehiago dira dimisioa emateko eskatzen ari direnak, baita bere alderdi barruan ere. The Daily Telegraph egunkariak ostegun honetan zabaldu duenez, 2021eko apirilaren 16an bi agur afari egin zituzten Downing Streeten. Garai hartan, Erresuma Batuan deseskalatzearen bigarren fasean murgilduta zeuden eta debekatuta zegoen barrualdean elkartzea; kanpoaldean, berriz, gehienez sei pertsona elkartu ahal ziren. Gainera, dolu nazionala ezarria zuten Erresuma Batuan, Isabel II.a erreginaren senarraren heriotzagatik. Hurrengo egunean egin zuten Edinburgoko Feliperen aldeko hileta elizkizuna.
Egunkariaren arabera, ostiral hartan 30 pertsona inguru elkartu ziren aldi berean Downing Streeten egin zituzten bi festetan. Lekukoen hitzetan, parte-hartzaileek alkohola edan eta dantza egin ahal izan zuten. Musikak eta parranda giroak goizaldera arte iraun zuen. Hala ere, egun hartan lehen ministroa ez zegoela bere egoitza ofizialean esan dute.
James Slack Boris Johnsonen komunikazio zuzendari izandakoa eta gobernuburuaren argazkilari pertsonala izandakoa omentzeko antolatu omen zituzten jai horiek.
Azken berri horiek are ataka larriagoan jarri dute lehen ministroa. Izan ere, lehendik jakina da konfinamendu garaian festak egin zirela Downing Streeten.
Oposizioak lehen ministroaren dimisioa eskatu du. Aitzitik, Alderdi Kontserbadoreko zenbait kidek bat egin dute eskari horrekin; tartean, Douglas Ross Eskoziako toryen buruzagiak.
Johnsonek barkamena eskatu zuen herenegun Parlamentuan, 2020ko maiatzean Downing Streeten egindako festa batean pare hartu zuelako. Hala ere, lan bilera bat zela uste zuela eta 25 minutu bakarrik egon zela azpimarratu zuen.