Itxi

FRANTZIA

Roland Garrosen ere ezingo du jokatu Djokovicek

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Frantziao Parlamentuak lege-proiektu berria behin betiko onartu eta ordu batzuetara iritsi da zuzenketa. Neurri berrien artean dago txertaketa-ziurtagiriaren derrigortasuna bizitza sozialeko hainbat jardueratan, kirol-ikuskizunetara joateko, besteak beste.

Novak Djokovic tenislaria auto barruan. Argazkia: EFE

Frantziako Gobernuak azkenean erabaki du Novak Djokovic tenislariak ezingo duela Roland Garrosen parte hartu, txertoa jarri barik duelako, nahiz eta duela egun batzuk esan serbiarrak maiatzaren amaieratik ekainaren hasierara bitartean jokatzen den txapelketan aritzeko aukera izango zuela.

Parlamentuak lege-proiektu berria onartu eta ordu batzuetara iritsi da zuzenketa; izan ere, Frantzian aurrerantzean txertaketa-ziurtagiria soinean eramatea derrigorrezkoa izango da hainbat jarduera egiteko, kirol-ikuskizunetara joateko, besteak beste.

Roxana Maracineanu Frantziako Kirol arduradunak urtarrilaren 7an esan zuen Frantziak salbuespena egingo zuela nazioarteko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariekin, eta ez zitzaiela Frantziako araudi berria aplikatuko, immunizatuta egon gabe ere lehiatu ahal izateko.

Orain, ordea, Maracineanuk zuzendu egin du hasierako irizpidea, eta lehiaketa guztietan parte hartzen duten guztiek pauta osoa izan beharko dutela ohartarazi du, publikoari eta profesional guztiei eskatuko zaien moduan.

Djokovic Dubaira iritsi da Australiak deportatu ondoren

Tenislaria goizaldean iritsi da Dubaira Melbournetik, Australiak deportatu ondoren. Australiako Auzitegi Federalak ez du ontzat eman bisa baliogabetzearen kontra Djokovicek jarritako helegitea, eta, beraz, herrialdetik deportatu dute.

Horrela amaitu da, beraz, hainbat egun iraun duen polemika. Urtarrilaren 6an, Australian sartzeko baimena ukatu zioten tenislari serbiarrari Melbourneko aireportuan, koronabirusaren aurkako txertoa hartu gabe zuelako. Gero, Australiako Gobernuak birritan baliogabetu dio bisa, eta bi aldiz atxilotu du, "herrialdearen osasun publikoarentzat arrisku bat" zela arrazoituta.

Tenis munduko gizonezkoen sailkapeneko burua Melbournetik Dubaira zihoan bitartean, Australiako lehen ministroak esan du hiru urte bete aurretik itzuli ahalko dela Djokovic Australiara, baldintzak egokiak badira. Legearen arabera, Australiak deportatzen duen inor ezin da hiru urteko epean berriro bertan sartu.

Djokovicek beste hegaldi bat hartuko du Dubain (Arabiar Emierri Batuak) Belgradora (Serbia) joateko.

Albisteak (4)