Itxi

txile

Boricek zentro-ezkerreko Gobernua iragarri du, emakumezko gehiengoarekin

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Txileko presidente hautetsiak kabinete berria izendatu du ostiral honetan. Emakumeekin osatu du gehienbat, eta zentro-ezkerreko zenbait alderdi tradizional ere sartu ditu.

Gabriel Boric, Txileko presidente hautetsia. Artxiboko argazkia: EFE

Gabriel Boric Txileko presidente hautetsiak kabinete berria izendatu du ostiral honetan, emakumezko gehiengoarekin. Izkia Siches mediku independentea (Barne Ministerioa eta Segurtasun Publikoa) eta Camila Vallejo diputatu komunista (bozeramailea) nabarmendu dira, horien artean.

Hala, 24 ministeriotik 14 emakumeek hartuko dituzte.

Gainera, lehen aldia da Txileko historian emakume bat Barne Ministerioaren eta Segurtasun Publikoaren kargu egongo dena. Pisu politiko gehien duen ministerioa da, ordena publikoaz eta kabinetea antolatzeaz arduratzen dena.

Beste berritasun handietako bat da Batzorde Politikoan Emakumearen Ministerioa sartzea, Boricen garaipenean erabakigarriak izan ziren talde feministei keinua.

"Gaur atal berri bat idazten hasi gara geure historia demokratikoan", adierazi du ikasleen lider ohiak, datorren martxoaren 11an, 36 urterekin, Txileko presidenterik gazteena bilakatuko denak. "Ez gara zerotik abiatu, badakigu eregitzen eta inspiratzen gaituen historia bat daukagula".

Mario Marcel ekonomialaria, Banku Zentraleko uneko presidentea, Ogasun ministro izendatuta, "kemen handiz hartu dugu gure ekonomiaren suspertzea bermatzeko erronka, horren egiturazko desparekotasunak errepikatu gabe". Boricek "hazkunde iraunkorra" aipatu du, "aberastasunaren birbanaketa justu batez lagundua".

Era berean, gobernagarritasuna izateko helburuz, etorkizuneko agintariak bere kabinetean sartu ditu lehen itzulian babesik eman ez zioten zentro-ezkerreko alderdi tradizionalak; Alderdi Sozialista (PS), Demokraziaren Aldeko Alderdia (PPD), Alderdi Liberala eta Alderdi Erradikala (PR), besteak beste.

"Lantalde honetan jatorri eta formakuntza anitzetako ministroak ditugu lagun, geure herrialdea bezain anitza den kabinetean", ondorioztatu du Boricek.

Albisteak (1)

Bideoak (1)