Krisi instituzionala
Paul Givan Ipar Irlandako ministro nagusiak dimisioa eman du brexit protokoloagatik
Agentziak | EiTB Media
Buruzagi unionistak DUP alderdiarekin bilera egin ondoren hartu du erabakia. Edwin Poots alderdi bereko Nekazaritza ministroak aduana kontrolak bertan behera uzteko aldebakarreko agindua eman zuen asteazkenean.
Paul Givan Ipar Irlandako ministro nagusiak dimisioa aurkeztu du ostegun honetan, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko protokoloaren kontra protesta egiteko.
Buruzagi unionistak DUP alderdiarekin Belfasten bilera egin ondoren hartu du erabakia. Edwin Poots alderdi bereko Nekazaritza ministroak aduana kontrolak bertan behera uzteko aldebakarreko agindua eman zuen asteazkenean.
Ipar Irlandako Gobernu partekatuan, Givanen dimisioak automatikoki Michelle O'Neill Sinn Feineko ministrorde nagusi abertzalearen irteera ekarri du. Ondorioz, Ipar Irlanda krisi instituzional berri batean murgildu da, hauteskundeak egin eta hiru hilabete geroago.
"Nire bizitzako pribilegioaren amaiera da gaur, Ipar Irlandako lehen ministro gisa zerbitzatzea", esan du Givanek komunikabideen aurrean Belfasteko hotel batean, Belfast Telegraph-ek jakitera eman duenez.
Albistearen berri izan ondoren, Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak "funtzionamenduan dagoen Exekutibo baten faltan" hauteskundeak aurreratzea eskatu du.
Gainera, McDonaldek Givan kritikatu du, DUPen "interes politiko propioak" lehenetsi dituelako. "DUPen ekintzek ondorioak dituztela argi izan behar dugu", erantsi du.