ukrainako krisia
Putinek eta Bidenek telefonoz hitz egingo dute larunbat honetan
agentziak | eitb media
Errusiako eta AEBko presidenteek Ukrainako krisia izango dute hizpide, Estatu Batuek ohartarazitako errusiar inbasio posible baten aukerak eragindako tentsio testuinguruan.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Joe Biden AEBko presidentea deituko du larunbat honetan, Ukrainako krisiarekin lotutako tentsioa areagotu ondoren. Bi liderren arteko lehen elkarrizketa zuzena izango da abenduaren 30etik. Orduan ere, telefono-dei bitartez argi utzi zituzten Ukrainari buruzko desadostasunak.
Administraritza estatubatuarreko iturriek azaldu dutenez, Moskuk astelehenerako proposatu zuen telefono-deia, baina Washingtonek larunbatera aurreratzea erabaki du, eta Kremlinak onartu.
Ukrainako mugatik gertu tropa errusiarrak metatu ostean iragarri dute deia.
Oraingoan, Ameriketako Estatu Batuek herrikideei Ukrainatik datozen 24 edo 48 orduetan ateratzeko eskatu ondoren izango da elkarrizketa. AEBren ustez, Pekinen otsailaren 20ra arte luzatuko diren Neguko Joko Olinpikoetan zehar Errusiak Ukraina erasotzeko "aukera argia" da.
Hain zuzen, Jake Sullivan Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulariak ostiral honetan adierazi du inbasio errusiar baten arriskua "gertu" dagoela, eta ohartarazi du ofentsiba hori "aireko bonbardaketekin eta misil bidezko erasoekin" hasi litekeela.
Ostiral honetan bertan, Bidenen aginduz, Lloyd Austin Defentsarako idazkariak Polonian 3.000 soldadu gehiago hedatzeko agindua eman du. Hala, 6.000 estatubatuar daude jada NATOren Europako ekialdeko hegalean.
Tentsioak gora egin du azken hilabetean, Mendebaldeak salatu baitu Errusiak 100.000 soldatutik gora eraman dituela Ukrainako mugara. Horrek norgehiagoka propagandistikoan murgildu ditu Errusiako eta AEBko gobernuak.
Moskuk nabarmendu du ez duela gerrarik nahi Kievekin, eta ez duela Ukraina mehatxatu. Washingtonek, aldiz, ohartarazi du errusiarrek ondoko herrialdea eraso lezaketela "edozein unetan".
Bestalde, Putinek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin ere hitz egingo du egun berean. Aste honetan bien artean izandako bigarren elkarrizketa izango da.