tentsio gorakorra ukrainan
Bidenek Putini ohartarazi dio "ondorio larriak" izango direla Errusiarentzat, Ukraina inbadituz gero
agentziak | eitb media
Estatu Batuetako presidenteak errusiar homologoari ohartarazi dionez, diplomaziatik harago doazen agertokiak aztertu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak larunbat honetan Vladímir Putin errusiar homologoari ohartarazi dionez, AEB prest dago Ukrainako egoera bide diplomatikotik jorratzeko, baina "era berean, prest" dago diplomaziatik harago doazen agertokietarako.
Bi agintarien arteko ordubeteko deian, Bidenek Errusiari "ondorio latz" eta azkarrak inposatuko zaizkiola mehatxu egin du, Europako aliatuekin batera, Putin Ukraina hartzen saiatzen bada. Hala jakinarazi du Etxe Zuriak, ohar batean.
"Errusiak Ukrainaren inbasio are handiago bat burutuz gero, Estatu Batuek, aliatuekin eta kideekin batera, erabakitasunez erantzungo dute eta ondorio azkar eta larriak inposatuko dizkiote Errusiari", Etxe Zuriaren arabera.
Gainera, Bidenek azpimarratu du "Errusiaren inbasio handiago batek giza-sufrimendu orokortua" eragingo lukeela eta "Errusiaren estatusa" beheratuko lukeela.
Biden presidentea argia izan da Putinekin: "Estatu Batuak prest daude aliatu eta kideekin batera konpromiso diplomatikoa hartzeko baina, era berean, prest daude beste agertoki batzuetarako", azaldu du.