Gatazka
Ukrainak bilera eskatu dio Errusiari mugako jarduera militarra jorratzeko, 48 orduko epean
agentziak | eitb media
Volodimir Zelenski presidentea irtenbide diplomatikoaren alde agertu da Errusiarekin duen krisian, eta eskerrak eman dizkio Europar Batasunari 1.200 milioi euroko laguntzagatik.
Ukrainako Gobernuak bilera eskatu du 48 orduko epean, Errusiarekin eta ESLE erakundearen Vienako Txostenean parte hartutako herrialde guztiekin. Izan ere, Moskuk entzungor egin dio Ukrainak botatako ultimatumari: Ukrainako mugako jarduera militarrari buruzko informazio zehatza eskatu zion.
Dmytro Kuleba ministro ukrainarrak Twitterren adierazi duenez, "Errusiak ez dio Vienako txosten pean konfiantza eta segurtasuna sustatzera bideratutako neurriei buruzko eskaerari erantzun". Ostiralean aurkeztu zuen Ukrainak eskaera hori, eta igandera arteko epea zuen Errusiak erantzuteko.
"Bilera nahi dugu Errusiarekin eta parte hartutako estatu guztiekin datozen 48 orduetan, gure muga parean dauden errefortzu eta erakustaldi militarrak eta aldi baterako okupatutako Krimea jorratzeko", azaldu du.
Russia failed to respond to our request under the Vienna Document. Consequently, we take the next step. We request a meeting with Russia and all participating states within 48 hours to discuss its reinforcement & redeployment along our border & in temporarily occupied Crimea 1/2
— Dmytro Kuleba (@DmytroKuleba) February 13, 2022
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin hitz egin du gaur, eta krisiari irtenbide diplomatikoa ematearen alde agertu ostean, Errusiaren probokazioei ez diela erantzungo hitzeman du.
"Gatazkari irtenbide politikoa eta diplomatikoa ematearen alde gaude", adierazi du Zelenskik politikari belgikarrarekin izan duen telefono bidezko elkarrizketan, iturri ofizialetatik jakinarazi dutenez.
Agintari ukrainarrak esan du "arrisku guztien" jabe dela, Ukrainako mugan Errusiako 100.000 soldadutik gora baitaude, eta "edozein eszenariori aurre egiteko prest" dagoela.
Hala eta guztiz ere, adierazi du Ukraina egoera horretan bizi dela 2014tik, Errusia Krimea bere egin zuenetik. Izan ere, orduan hasi zen Moskuren babesa duten separatista errusiazaleen eta Ukrainako Armadaren arteko gatazka.
Etsai nagusia, izua
Zelenskik berretsi du gaur egun "etsai nagusia izua" dela, Mendebaldearen ohartarazpenek zabaltzen dutena, bereziki AEBk, Errusiak berehala, datorren astean bertan, eraso egingo duela dioenean.
Ukrainako presidenteak eta Michelek krisiaren deseskalatzea eta bakea lortzeko eman beharreko pausoak izan dituzte aztergai, tartean negoziazio esparruak, Normandiakoa (Errusia, Ukraina, Alemania eta Frantzia) adibidez.
Agintari ukrainarrak Micheli eta Europar Batasuneko buruzagiei diplomazialariak herrialdean uztea eskertu die.
Isunak eta laguntzak
Ukrainak Errusiaren aurkako prebentziozko isunak jartzeko eskatzen jarraitzen du, "Kremlinen asmo erasokorrak" galarazteko, baina EBk ez du horretarako asmorik.
Testuinguru horretan, agintari ukrainarrak eskerrak eman dizkio EBri 1.200 milioi euroko laguntza emateagatik.
Berririk ez mugan
Bestalde, Dimitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak esan du ez dutela "aldaketa handien" berririk mugan azken egunotan.
Era berean, "lurralde okupatuetan", Donetski eta Luganski erreferentzia eginez, ere ez omen da gorabeherarik.
"Ukraina ez dago bakarrik. Egoerak kontrolpean jarraitzen du, eta herrialdea prest dago edozein egoerari aurre egiteko", azaldu du Bloombergek jasotako adierazpenetan.
Bien bitartean, dozenaka herrialdek diplomazialarien ebakuazioa agindu dute (askok lanean jarraitzen dute, tartean EBrenak), eta oharrak zabaldu dituzte Ukrainara bidaiatu nahi duten herritarrei begira.
KLM aire konpainia holandarrak bertan behera utzi ditu jada Europako ekialdera doazen hegaldi guztiak.