NATO-Errusia krisia
Ukrainako presidenteak data jarri dio Errusiaren balizko inbasioari: otsailak 16
Agentziak | EiTB Media
Zelenskik adierazi duenez, egun horretan ukrainarrek "bandera nazionalak" zintzilikatu eta xingola urdinak eta horiak erabiliko dituzte, eta munduari batasuna erakutsiko diote.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak otsailaren 16rako Batasun Eguna deitu du herrialdean, Errusiaren balizko inbasioa egun horretan abiatuko den informazioen aurrean.
"Otsailak 16 erasoaren eguna izango dela esan digute. Guk Batasun Eguna bihurtuko dugu. Dekretua sinatu dut dagoeneko", esan du Zelenskik bideo mezu batean.
Erantsi duenez, egun horretan ukrainarrek "bandera nazionalak" zintzilikatu eta xingola urdinak eta horiak erabiliko dituzte, eta munduari batasuna erakutsiko diote.
Dekretuaren arabera, bandera nazionalak etxebizitzetan eta erakunde ofizialetan altxatuko dituzte, eta ukrainarrek ereserkia abestuko dute 10:00etan (bertako ordutegia).
Gainera, informazio plataforma bakarra sortuko dute agintariek, herritarrei egunero segurtasun egoeraren eta herrialdearen defentsa sendotzeko hartutako neurrien berri emateko.
Politico AEBko komunikabideak jakitera eman duenez, Joe Bidenen Gobernuak aliatuei esan die Errusiaren balizko erasoa otsailaren 16an hasiko dela.
Kievek, aldiz, ziurtatu du datozen egunetan Errusiak gerra handi bat hasiko duela esateko frogarik ez dagoela.
Ukrainari eraso egiteko egitasmoak ukatu ditu Moskuk, eta Mendebaldeari "histeria" sortzea egotzi dio.
Bestalde, martxoaren 1etik aurrera Indar Armatuen soldata % 30 igotzeko agindua eman dio Zelenski Gobernuari.