Krisia
Errusia tropak erretiratzen hasi da, baina Donetsk eta Luhansken independentzia aitortzea eskatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako Gobernuak azpimarratu du ez duela gerrarik nahi Europan eta Ukrainako mugatik tropak erretiratzen hasi da. Alabaina, aldi berean, bere aldarrikapen nagusiak berretsi ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiako Gobernua Ukrainako mugara bidali zituen tropa militarrak erretiratzen hasi da gaur eta Vladimir Putinek ziurtatu du ez dutela gerrarik nahi Europan. Aldi berean, Ukraina hegoaldeko Donetsk eta Luhansk hirien independentzia aitor dezala eskatu dio Errusiako Parlamentuak Putini.
Tropen erretiratzeari buruzko iragarpena Putin eta Olaf Scholz kantziler alemana Moskun bildu diren egunean iritsi da.
Bilera horren ondotik bi agintariek agerraldi bateratua egin dute eta Putinek azpimarratu du ez duela gerrarik nahi Europan: "Gerra nahi ote dugun? Ez, noski".
Horrez gain, Errusiako Parlamentuak Donetsk eta Luhansk hirien independentzia aitor dezala eskatu dio Putini. Ukraina hegoaldeko dauden hiri horiek Errusiaren aldekoak dira eta alde bakarrez aldarrikatu zuten independentzia.
Azken hilabeteotan nabarmen hasi da bi herrialdeen arteko tentsioa, Errusiak mugan tropak zabaldu zituenetik. Izan ere, nazioartean balizko "inbasio" baten gaineko susmoak zabaldu dira ordudanik. Errusiak, baina, ukatu egin du halakorik egiteko asmorik duenik, eta inguru horretan ekintza militarra zabaltzea leporatu dio NATOri.
Horren aurrean, Sergei Lavrov Kanpo Arazoetako ministro errusiarrak astelehenean ziurtatu zuen posible ikusten duela AEBrekin eta NATOrekin akordioa adostea, betiere, "Errusiak segurtasunarekin lotuta egindako proposamenak entzuteko prest baldin badaude". Gauzak horrela, negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu zuen. Moskuk, bestalde, atzera bota zituen AEBk eta NATOk proposamen horiei emandako erantzunak, iragan astean.
Ukrainak ez du ikusi arte sinetsiko
Bestalde, Dimitro Kuleba Ukrainako Kanpo Arazoetako ministroa zuhur agertu da Moskutik iritsitako albistearen aurrean, eta adierazi du ez dela entzundakoaz fidatuko, alegia, benetan gertatzen dena ikusi arte itxarongo duela.
"Errusiako Federazioak adierazpen ezberdinak egin ditu. Arau bat daukagu: ez dugu sinetsiko entzuten dugunean, ikusten dugunean baizik", esan du prentsaurrekoan.
Ildo horretan, ziurtatu du Errusiatik informazio asko eta ezberdina heldu zaiela, kazetarien aurrean azaldu duenez.
Bien bitartean, babes bila jarraituko du Kulebak. Astearte honetan bertan EBko estatuetako enbaxadoreekin bildu da. "Kideen babesari esker jarrera indartsua du Ukrainak, eta edozein agertokiri aurre egiteko prest dago", erantsi dute aipatu Ministeriorik.