Itxi

GERRA UKRAINAN

Europar Batasunak zigor "handiak" iragarri ditu Errusiaren aurka

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Ursula von der Leyenek baieztatu du neurri-sorta zuzenean Bruselan urgentziaz deituta dagoen EBko buruzagien mahaira joango dela. Espainiako presidentea ere bertan izango da, bihar egitekoa zen presidenteen konferentzia bertan behera geratu ostean.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du zigor "handiekin" erantzungo diotela Errusiak Ukrainari egindako eraso militarrari. Era berean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak "aurrekaririk gabeko erasoa" agintzeagatik "ordaindu" egingo duela adierazi du.

Europako buruzagiek aho batez gaitzetsi dute Errusiak Ukraina inbaditu izana. Josep Borrell EBko Kanpo Politikarako goi-ordezkariarekin batera egindako adierazpen ofizial batean, Von der Leyenek azpimarratu du helburuak ez direla Donbass edo Ukraina bakarrik, "EBren egonkortasuna eta bake-ordena" daudela jokoan.

Iragarritako neurri-sorta zuzenean EBko buruzagien mahaira joango da, ostegun honetan Bruselan urgentziaz deitu dena. Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere bertan izango da, bihar egitekoa zen presidenteen konferentzia ez egitea erabaki ondotik.

Europako Batzordeko presidenteak aurreratu duenez, asmoa Errusiako ekonomiaren sektore estrategikoei erasotzea da; banku errusiarrei Europako finantza-merkatuetarako sarbidea blokeatzea eta Moskuk Europar Batasunean dituen aktiboak izoztea. "Kremlinek gerra finantzatzeko duen gaitasunari bidesari handia kobratzeko diseinatuta dago", adierazi du politikari alemaniarrak.

Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politikarako goi-ordezkariaren ustez, "azken orduotakoak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik Europan izan diren ordurik ilunenak dira"; izan ere, "potentzia nuklear garrantzitsu batek ondoko herrialde bati eraso dio, eta haren erreskatera joan daitekeen beste edozein estaturi errepresaliekin mehatxatzen ari da".

Ostegun honetan igorritako prentsa-ohar batean, Espainiako Gobernuak gogor gaitzetsi du Errusiak Ukraina militarki inbaditu izana, eta elkartasuna adierazi die Ukrainako Gobernuari eta bertako herritarrei.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, bestalde, Ukrainan abiatutako operazio militarra "berehala" eteteko eskatu dio Errusiari. "Frantziak irmoki gaitzesten du Errusiak Ukrainari gerra egitea erabaki izana. Errusiak berehala eten behar ditu bere operazio militarrak", esan du.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren ustez, erasoa "nazioarteko zuzenbidearen haustura nabarmena" da, eta "ezin da inolaz ere onartu".

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren hitzetan, Errusiak Ukrainari erasotzen dion bitartean, "Mendebaldea ez da zain geratuko".

Joe Biden AEBko presidenteak Ukrainako herriaren aurka "probokaziorik gabeko eraso bidegabea" abiatu izana egotzi dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, eta horrek ekarriko dituen ondorio "katastrofikoez" ohartarazi du.

Albisteak (1)