Ukraina
NATOk neurriak iragarri ditu aliatuen defentsa indartzeko, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren
AGENTZIAK | EITB Media
NATOko buruzagiak ostiral honetan bilduko dira bideokonferentzia bidez Errusiaren inbasioaren erantzuna prestatzeko.
NATOko kideek ostegun honetan iragarri dute neurriak hartuko dituztela aliatuen defentsa indartzeko Errusiak Ukraina inbaditu ondoren. "Gure neurriak prebentiboak dira eta izango dira, neurrizkoak, eta ez dute eskalada sustatuko", adierazi du Kontseilu Atlantikoak, 30 aliatuak biltzen dituen NATOko organo exekutiboak, ohiz kanpoko bilera baten ostean.
Itunaren 4. artikulua aktibatu ondoren, premiazko bilera bat egin dute enbaxadoreen artean, eta aliatuei laguntza ematea aurreikusten du, eraso arriskuaren aurrean. Ondoren, NATOk bideokonferentzia bidez deitu ditu liderrak ostiral honetarako.
Mahai gainean egongo da NATOren Defentsa planen aktibazioa eta Aliantza Atlantikoaren presentzia ekialdeko hegalean indartzeko erabakia, Errusiak Ukraina ekialdean operazio militarra egin ondoren.
Esku hartzeko indar hori 13.000 soldaduk osatzen dute, bost eguneko epean eta gehienez 30 egunetan edozein agertokitan agertzeko gaitasuna dutenak. Duela hilabete, AEBk iragarri zuen 8.500 soldatu alerta egoeran zituela, Errusiaren eraso baten aurrean NATOren jarduera azkarreko indarren balizko aktibazioan laguntzeko.
Eguerdian, prentsaurreko batean, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Ukrainaren inbasio errusiarrari emandako erantzunaren xehetasunak azaldu ahal izatea espero da.
Errusiako ekintzen gaitzespena
Aliatuek Errusiaren ekintzak gaitzetsi dituzte, Donetsk eta Luhansk eskualde matxinoen onarpena barne. "Aliatuek ez dute inoiz legez kanpoko aitorpen hori onartuko", adierazi dute.
Nolanahi ere, Errusiak abian jarritako operazio militarraren aurrean, Kontseilu Atlantikoak indarkeriaren bidea iraultzeko eskatu dio Errusiari. "Errusiar liderrak beren ekintzen ondorioen erantzule dira. Errusiak prezio ekonomiko eta politiko altua ordainduko du", esan dute erakunde militarreko kideek.