Gerra Ukrainan
EBk Errusiaren aurkako bigarren zigor sorta adostu du, eta hirugarrena prestatzen hasi da jadanik
Agentziak | EiTB Media
Besteak beste, Putinen eta Lavroven aktiboak izoztea aho batez adostu dute 27 estatu kideek. "Hirugarren isun sorta bat prestatuko dugu", ziurtatu du Edgars Rinkevics Letoniako Atzerri ministroak.
Europar Batasuneko herrialdeek Errusiaren kontrako zigorrak onartu dituzte. Horrela, banku, energia, finantza, esportazio, garraio eta bisa politiketan murrizketak ezarri dizkiote. Gainera, Vladimir Putin eta Sergei Lavrov Errusiako presidentearen eta Atzerri ministroaren aurkako isun pertsonalak adostu ditu EBk.
Edgars Rinkevics Letoniako Atzerri ministroak baieztatu duenez, Putinen eta Lavroven aktiboak izoztea aho batez adostu dute 27 estatu kideek. "Hirugarren isun sorta bat prestatuko dugu", ziurtatu du.
"Putinen sistemari eman behar zaion tokian eman diogu, ez bakarrik finantzieroki eta ekonomikoki, botereari berari baizik. Horregatik, ez ditugu soilik oligarkak zerrendan sartu, pausoak prestatu dituzten diputatu ugari, baita Putin presidentea eta Lavrov Atzerri ministroa ere", esan du Annalena Baerbock Alemaniako ministroak bilerara iristean.
Putin eta Lavrov zuzenean zigortzeaz gain, Moskuren aurkako bigarren errepresalia sortari oniritzia eman diote gaur 27 estatu kideetako ministroek, Errusiako ekonomia itotzeko helburuarekin.
Besteak beste, Alfa Bank eta Bank Otkritie bankuen eta Kamaz, Rostec edo Almaz-Antey enpresa publikoen finantziazioa eragotzi nahi dute, baita errusiarrek Europako bankuetan kontu berriak zabaltzea eta Errusiako konpainiek akzioak erostea ere.
Bestalde, isun energetikoekin Moskuk petrolio-findegiak modernizatzeko teknologia egokia izatea saihestu nahi dute. Garraioko murrizketek hegazkinen eta hegazkin osagaien salmenta eta erosketa mugatzen dute. Azkenik, merkataritza neurri berriek elektronika, informatika edo telekomunikazio sektoreen aurka egiten dute.
Hala ere, Errusiako bankuak SWIFT sistematik kanporatzea zigor sortatik at utzi dute oraingoz, baita gas merkataritzaren eta luxuzko produktuen aurkako neurriak ere.
Aurrekaririk gabeko neurri oso zorrotzak direla defendatu du EBk, baina Moskuk erasoari eusten baldin badio, zigorrak areagotzeko atea zabalik utzi du oraindik.