UKRAINAKO GERRA
Porrot egin du Mariupoletik herritarrak ateratzeko bigarren saiakerak
EITB MEDIA
Ukrainar soldadu ultraeskuindarrek Errusiari egotzi diote pasabideen segurtasuna ez bermatzea, eta errusiazaleek jakinarazi dute 300 herritar behintzat atera dituztela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiaren erasoek Mariupoleko herritarren ebakuazioa galarazi dute bigarren egunez jarraian, Anton Geraschenko Ukrainiako Barne Ministerioko aholkulariak eta Guardia Nazionaleko Azov taldeko kide batek salatu dutenez. Errusiazaleen aldeak, berriz, adierazi du 300 zibil behintzat atera dituztela, "nazionalista ukrainarren probokazioa gora-behera".
"Mariupolen zibilentzat giza pasabide bat martxan jartzeko bigarren saiakera Errusiaren bonbardaketekin zapuztu da berriro", adierazi du Gershchenkok Telegramen, eta Azov ultraeskuindar taldearen bideo bat zabaldu du Errusiari su-etena apurtzea egotziz.
"Ulertu behar da, okupazio indarrek zibilekin egiten ari diren sarraskia dela eta, ez dagoela giza pasabideen segurtasuna bermatzerik", idatzi du Ukrainako Barne Ministerioaren aholkulariak.
Donetskek 300 zibil atera ditu
Bestalde, Donets errepublika errusiazaleko agintariek jakinarazi dute 300 zibil baino gehiago atera dituzte Mariupol hiritik.
"Ukrainako nazionalistek giza pasabidearen aurka egin dituzten probokazioak gora-behera, Donetseko Herri Errepublikak 300 pertsona baino gehiago atera ditu Mariupoletik", adierazi dute indar errusiazaleek.
Atzo, Denis Pushilin Donetseko administrazoko buruak adierazi zuen Mariupol "giza hondamendi baten atarian" dagoela, "urik, elikagairik, sendagairik, argindarrik eta gasik gabe".
Hala eta guztiz ere, Peredovoye, Kariernoye eta Ravnopol herriak bereganatu ahal izan omen zituzten, Mariupoleko auzo batzuekin batera.
Udalak iragarri du su-etena
Mariupoleko Udalak baieztatu du Telegram bidez beste su-eten bat ezarri dutela ukrainar hirian, giza pasabidea martxan jarri eta herritar zibilak bertatik atera ahal izateko.
Atzo ere ezarri zuten bost ordurako su-etena, baina ez zen errespetatu eta herritarrak ezin izan zituzten atera. Bi aldeek elkarri leporatu zioten, adostutakoa urratu eta gerra eten ez izana. Gaur, 09:00etatik 20:00etara ahalegindu behar ziren herritarrak hiritik ateratzen.
Zabaldutako informazioaren arabera, Mariupoletik Zaporizhiarainoko bidea antolatu dute ebakuaziorako, 200 kilometro ingurukoa. Oraingoz, ez dute baieztatu Volnovakha hirian ere su-etena ezarri duten edo ez. Inguru horretan, gutxi gorabehera, 425.000 herritar bizi dira.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ohar bidez jakitera eman duenez, "ebakuazio operazioan segurtasuna bermatzeko lanean" ari dira, batez ere, "irteera guneak errazteko", gerrako bi aldeekin hala adostuta. "Hainbesteko indarkeriaren erdian, herritarrei arnasgune bat zabalduko zaie", esan du Gure Gorriak. Halaber, giza pasabideak "ondo antolatzeko" eskatu du, "arriskurik gabe".
Duen kokalekugatik eta portu oso garrantzitsua duelako, Mariupol hiri estrategikoa da, Azov itsasertzean. 450.000 biztanle inguru ditu, eta Errusiako tropek hiria hartzea lortuko balute, Krimeako penintsulan zabalduta dauden soldaduekin bat egingo lukete zuzenean.
Hirugarren negoziazio batzarra, astelehenean
Ukrainako gerra eteten saiatzeko Errusia-Ukraina negoziazioaren hirugarren batzarra astelehenean izango da, martxoaren 7an, Kieveko ordezkaritzako kide batek jakinarazi duenez. "Negoziazioen hirugarren batzarra astelehenean izango da", adierazi du David Arakhamiak, Volodimir Zelenski presidentearen alderdiko ordezkariak, Facebooken.
Bilera Polonia eta Bielorrusia arteko mugan egingo dute berriro, otsailaren 28an eta martxoaren 3an bezala.
Bigarren batzarrean erabaki zuten, hain zuzen ere, giza pasabideak irekitzea zibilak ebakuatzeko, eta elikagaiak eta sendagaiak sartzeko.
Visak eta Mastercardek bertan behera utzi dituzte operazio guztiak Errusian
Bien bitartean, azken orduotan Visak eta Mastercardek bertan behera utzi dute euren jarduna bart Errusian. Hala, hemendik aurrera biztanleek ezingo dute trantsakziorik egin plataforma horien bidez ezta zordunketa zein kreditu txartelik erabili ere.
Al Kelly Visako presidente eta zuzendari exekutiboak azaldu duenez, "zerbait egin beharra daukagu Errusiak Ukrania inbaditu ondoren eta ikusi ditugunak ikusi eta gero".
Nazioarteak Errusia ekonomikoki estutzea erabaki du gerragatik. Duela astebete Ameriketako Estatu Batuek eta Europa Batasunak (EB), mendebaldeko hainbat herrialderekin batera, hainbat banku errusiar Swift sistematik ateratzea erabaki zuten, nazioarteko finantza sistematik deskonektatuz.