Itxi

ukrainako gerra

Errusiak Siriako eta Ekialde Hurbileko soldaduak zabalduko ditu Ukrainan

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Moskuk jakinarazi duenez, Ekialde Hurbileko herrialdeetako 16.000 "boluntariok" gerrara batzeko nahia azaldu dute.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Vladimir Putin Errusiako presidentea "boluntarioek" Ukrainaren inbasioan parte hartzearen alde agertu da, Sergei Shoigu Defentsa ministroak adierazi ostean Ekialde Hurbileko 16.000 "boluntariok" errusiar eraso militarrari batzeko nahia azaldu dutela.

"Borondatez etorri nahi duen eta Donbassen bizi diren pertsonei lagundu nahi dien jendea badago, erdibidean elkartu beharko gara haiekin, eta gerra eremura iristen lagundu", esan du Putinek Errusiako Segurtasun Batzordearen bilera batean.

Hala, argudiatu du mendebaldeko herrialdeek ez dituztela Ukrainako Indar Armatuei laguntzeko bertara bidalitako "mertzenarioak" ezkutatu. "Ukrainaren mendebaldeko babesleek eta Ukrainako erregimenak ez dute ezkutatzen. Argi eta garbi egiten dute, Nazioarteko Zuzenbidearen arau guztiei entzungor eginez", salatu du.

Shoiguk bileran zehaztu duenez, Defentsa Ministerioak "herrialde desberdinetako boluntarioen eskaera ugari jaso ditu, Donetsk eta Luhansk herri errepubliketara joan nahi dutenak, askapen mugimendu jotzen duten honetan parte hartzeko".

"Gehienak Ekialde Hurbileko herrialdeetakoak dira, 16.000 eskaera baino gehiago", nabarmendu du, eta gaineratu du horietako "asko" Estatu Islamikoaren aurkako borrokan parte hartu izandakoak direla.

Hala, Shoiguk azpimarratu du errusiar autoritateek "egoki" jotzen dutela "eskaera horiei positiboki erantzutea, bereziki ez dutelako diru truke egiten, jende honi laguntzeko benetako nahiagatik baizik". Balizko mertzenarioengandik bereizi ditu, horrela, "boluntario" horiek.

Bestalde, Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan duenez, "boluntario" horien artean ez litzateke errusiar biztanlerik egongo. Hala, azpimarratu du Shoigu "Ekialde Hurbiletik, Siriatik, eskaerak aurkeztu dituzten pertsonetaz" aritu dela nagusiki, eta ez direla "herrikideen inguruan aritu".

Horrez gain, ofentsiban zehar errusiar indarrek atzemandako armak, mendebaldean ekoitzitakoak, Donetsk eta Luhankseko unitate militarretara eramateko Shoiguren proposamenaren alde agertu da Putin.

Bukatzeko, Shoiguk nabarmendu du "egunero NATOren unitate militar berriak" iristen direla Errusiaren mugatik gertu dauden eremuetara. Esan duenez, "inoren mehatxupean egon gabe ere egiten dute hori". "Ahalik eta gehien bete nahi dute gure mugako eremua indar eta baliabideekin, eta epe luzera begira bertan finkatu", erantsi du.