Itxi

UKRAINAKO GERRA

Putinekin hitz egin ostean, ez duela gerra geldiarazi nahi ohartarazi dute Macronek eta Scholzek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ukraniarrak "zuzenbide humanitarioa urratzen" ari direla esan die Putinek. Sanchezek Putinen kontra "gogor" jokatzea defendatu du baina "zuhurrak" izanez, "atzera bueltarik gabeko egoera batean ez amaitzeko".

Putin eta Macron otsail hasieran izan zuten bileran ateratako argazkian. EFE

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin dute gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta elkarrizketaren ondoren, argi dute Putinek ez duela "gerra geldiarazteko asmorik". Hala, jakinarazi dute Eliseotik.

Hartutako konpromisoak ez dela betetzen ari ohartarazi diote Macronek eta Scholzek eta Iranen aurka ezarritako isunen parekoak jarri diezazkiotela gogorarazi diote.

Kremlinetik zabalduta oharraren arabera, Putinek erantzun die Ukraniako militarrak "zuzenbide humanitarioa urratzen" ari direla eta horien jarduerak eteteko eskuhartzeko eskatu die. Adibide gisa aipatu ditu: "aurkarien kontrako errepresio extrajudizialak, jendea bahitzea eta zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea, arma handiak etxeetatik, ospitaleetatik, eskoletatik eta antzekoetatik gertu jartzea..." 

Espainiak "gogor" jokatuko du Putinen aurka baina "zuhurtziaz", "atzera bueltarik ez duen egoera batera ez iristeko"

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak "gogortasuna" defendatu du gaur, baina "zuhurrak izanez": "Eztabaida konplexua da, zaila, eta Putinekin gogorrak izan nahi dugu baina kontziente gara ezin dugula atzera bueltarik izango ez duen egoera batera eramango gaituen eskenatoki bat bultzatu" adierazi du Sanchezek Kanarietako Telebistan egin dioten elkarrizketan.

"Gogortasun horrekin konprometituta gaude, isun ekonomikoekin" baina "instituzionalki zuhurrak izan nahi dugu eztabaida espazioak irekitzeko" zehaztu du.

Armen bidalketa dela eta, Gobernukideekin izan duten desadostasunari buruz galdetuta - Podemos ez zegoen armak bidaltzearen alde- "ez da eztabaida erraza inorentzat" esan du Sanchezek. "Inork ez zukeen pentsatuko 5 milioi errefuxiatu eragin ditzakeen gerra baten lekuko izango ginenik Europan" eta egoera horren aurrean, "inoiz planteatu ere egin ez genituen gauzak gertatzen ari dira" gehitu du.

Albisteak (3)