Itxi

Mendebaldeko Sahara

Sanchezen agerraldia eskatu dute zenbait talde politikok, Saharari buruzko "jarrera aldaketa" azaltzeko

Agentziak | Eitb Media

Leer en Castellano

EH Bildu, ERC, CUP, BNG, PNV, Junts, Pdecat, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias eta Coalicion Canaria taldeek Sanchezen agerraldia eskatuko dute. Espainiak hamarkadetan zehar mantendutako jarrera neutraletik Marokok 2007an aurkeztutako autonomia proposamena babestera igaro izana azaltzea nahi dute.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Zenbait alderdi politikok agerraldi bat egiteko eskaria helaraziko diote astelehen honetan, Diputatuen Kongresuan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Mendebaldeko Saharari buruzko jarrera aldaketa azaltzea nahi dute.

EH Bildu, ERC, CUP, BNG, PNV, Junts, Pdecat, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias eta Coalicion Canaria taldeek eskatuko diote agerraldia Sanchezi. Izan ere, Espainiak hamarkadetan zehar mantendutako jarrera neutraletik Marokok 2007an aurkeztutako autonomia proposamena babestera igaro izanaren zergatia ezagutu nahi dute.

Jarrera berri horrek, Felix Bolaños Presidentetza ministroaren arabera, "agerian uzten du harreman ona eta egonkorra izango dugula Marokorekin. Gainera, Marokok pertsonen salerosketaren, migrazio ilegalaren aurka laguntzeko konpromisoa hartu du".

Edonola ere, jarrera berriak ezinegona eragin du ostiraletik Espainiako Gobernu kideen artean, bai eta oposizioan zein Fronte Polisarioan ere.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak distantzia ezarri zuen ostiralean Pedro Sanchez presidentearekiko. Izan ere, ziurtatu zuen Mendebaldeko Sahararen gatazkaren konpondu nahi bada, beharrezko izango direla "elkarrizketa eta saharar herriaren borondate demokratikoarekiko errespetua".

Andoni Ortuzar EAJko buruak ere larunbat honetan adierazi du bere taldeak ez duela babestuko "saharar herriaren erabakitzeko eskubidea" errespetatzeko bidetik ez doan proposamenik.

Geroa Baik, Twitter bitartez, gaitzetsi egin du "Pedro Sanchezen Saharari buruzko jarrera", eta azpimarratu egin du "saharar herriari eta erreferendum bidezko autodeterminazio eskubideari babesa".

Bestalde, EH Bildu Nafarroa taldeko profilak Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiaren mezua partekatu du. Bertan baieztatu duenez, "saharar herriarentzako konponbide posible bakarra da euren autodeterminaziorako legezko eskubidea bermatzea, NBEaren ebazpenekin bat. Saharar herriak gure babes osoa izango du beti".

Ildo beretik, Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak nabarmendu du sahararrak direla "euren etorkizuna erabaki behar dutenak, ez beste inor. Nazioarteko legezkotasunarekiko errespetua ez da Ukrainan bakarrik aplikatu behar, baita Mendebaldeko Saharan ere".

Nafarroako Podemoseko parlamentariek ere gaitzespena agertu dute. Mikel Builek adierazi duenez, "gaur herrialde osoan entzuten ari diren oihuak PSOEri irits dakizkion" espero du, "argi eta garbi esaten baitute ezin dugula saharar herria baztertu. Nahikoa jasan dute orain arte".

Gainera, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako parlamentari nafarrak "erabat" arbuiatu du Espainiako Gobernuak Marokoren plana babestu izanari, eta Gobernu zentralari eskatu dio Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortzeko.

Albisteak (1)

Bideoak (1)