Itxi

UKRAINAKO GERRA

Oposizioko hainbat alderdiren jarduna bertan behera utzi du Zelenskik gerra legea baliatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ezkerrekoak dira alderdi guztiak eta horietako bat Parlamentuko bigarren indarra da: Oposizio Plataforma - Bizitzaren Alde. Besteak Sharia Alderdia, Gurea, Ezkerreko Oposizioa, Ezkerreko Indarren Batasuna, Estatua, Ukrainako Alderdi Sozialista Progresista eta Ukrainako Alderdi Sozialista dira.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak oposizioko 10 alderdiren jarduera eten duela iragarri zuen atzo, gerra legea baliatuta, Errusiarekin loturak izatea leporatuta.

"Segurtasun eta Defentsa Kontseilu Nazionalak erabaki du, gerraren maila ikusita eta egitura politiko batzuek Errusiarekin duten lotura ikusita, bertan behera utziko dela alderdi batzuen jarduera oro gerra legea indarrean dagoen bitartean" azaldu du Zelenskik Ukraniako Gobernuaren sare ofizialen bidez zabaldutako bideo batean.

Hauek dira jarduera eten zaien alderdiak: Oposizio Plataforma - Bizitzaren Alde,  Sharia Alderdia, Gurea, Ezkerreko Oposizioa, Ezkerreko Indarren Batasuna, Estatua, Ukrainako Alderdi Sozialista Progresista, Ukrainako Alderdi Sozialista, Sozialistak eta Vladimir Saldoren Blokea.

Zelenskik argitu duenez, Justizia Ministerioak jaso du jada alderdi politiko horien jarduerak debekatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko agindua.

"Oposizio Plataforma - Bizitzaren Alde" alderdiak 43 diputatu ditu Ukrainako Parlamentuan da eta bigarren indarra da. Zelenskiren alderdia, Herritarren zerbitzari, da lehen indarra 254 diputaturekin. Guztira, 450 diputatuk osatzen dute Parlamentua.

"Edozein arlotako politikari guztiei gogoratu nahi diet gerrak oso argi erakusten duela bere anbizio propioak, bere alderdiarenak edo bere ibilbidea Estatuaren eta herriaren interesen aurretik jartzen duen jendearen exkaxtasuna" esan du Zelenskik.

"Elkarlanerako saiakera orok" ez duela arrakastarik izango eta "erantzun gogorra" jasoko duela ere ohartarazi du buruzagi ukrainiarrak.

Gogoan izan behar da 2015ean alderdi komunista guztiak ere legez kanpo utzi zituztela Ukrainan. 

Donbas eta Krimearen independentzia, inolaz ere ez

Ukrainako iparraldean eta hegoaldean borrokek aurrera jarraitzen duten bitartean, nazioarteak presioa egiten jarraitzen du bi aldeek negoziatu dezaten, su etena lortzeko. Gaur, Mevlüt Çavusoglu Turkiako Kanpo Arazoetako ministroak esan du gatazkari irtenbidea bilatzeko elkarrizketek aurrera egin dutela, sei gaietatik lautan "ia akordio batera iritsi arte".

CNNk igande honetan egin dion elkarrizketan, baina, Zelenski presidenteak esan du "prest" dagoela Putinekin negoziatzeko gerrari amaiera emateko, baina erabat baztertu du Donbasen independentzia eta Krimearen gaineko errusiar subiranotasuna onartzea. Argi adierazi du ez duela bere gain hartuko Ukrainaren "lurralde-osotasunari eta subiranotasunari eragiten dion konpromisorik".

Kremlinek baldintza hori jarri zuen, hain zuzen ere, inbasioa amaitzeko: Kievek NATOn sartzeari uko egitea, Donbaseko Donetsk eta Luhanskeko errepublika autoaldarrikatuen independentzia onartzea eta 2014an Moskuk anexionatutako Krimeako kontrol errusiarra onartzea.