Itxi

Ukrainako gerra

Hilabete da Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Errusiako tropek aurrera egiten jarraitzen dute Ukrainan barrena. NATOk baztertu egin du zuzenean esku hartzea. Negoziazio mahaian jarrerak gero eta hurbilago daude. Bitartean, gerrak milioika errefuxiatu beren herrialdetik urrun bultzatu ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hilabete igaro da Errusiako Armadak Ukrainan inbasioa hasi zuenetik. Otsailaren 24an, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donetsken eta Luhansken "operazio militar berezia" hasi zuela iragarri zuen; Errusiako Federazioak hiru egun lehenago aitortutako errepubliketan, hain zuzen. Errusiako tropak Ukrainan sartu ziren.

Ordutik, Errusiako Armadaren erasoaldiaren ondorioz, Ukraina osora hedatu da Donbass Ukraina ekialdeko eskualdea astintzen ari zen gatazka armatua. 2014an hasi zuen Ukrainako Armadak estatu kolpea babestu ez zuten eta beren burua independentetzat jo zuten errepubliken aurkako "operazio antiterrorista".

Nola doa gerra?

Errusiako tropak duela hilabete sartu ziren Ukrainan, Errusiako eta Bielorrusiako mugetatik. Gaur egun, Txernihiv, Sumy, Kharkiv, Zaporizhia, Kherson eta Mykolaiv mugako oblast edo eskualdeen zatirik handiena kontrolatzen dute.

Krimearen egoera bestelakoa da. 2014an Errusiak anexionatu egin zuen, herritar gehienak erreferendum batean Kieveko gobernu berriaren politiken aurka agertu eta Moskurekin lerrokatu ondoren. Ukrainak eta Mendebaldeak ez dute Krimea Errusiako Federazioaren zati gisa onartzen.

Donetsk eta Luhansken kasua ere berezia da, Ukrainako Armada 2014tik Errusiaren babesa duten indar independentisten kontra borrokatzen baita. Ukrainarentzat oblast diren eta Errusiarentzat errepublikak diren hauetan, indar separatistek eta Errusiako Armadak ia lurralde osoa menderatzen dute.

-          Mariupol, Azoveko itsasoaren kostaldean, hegoaldean, Ukrainaren menpe jarraitzen duen gune horretako hiririk garrantzitsuena da. Errusiako Armadak setiatuta du inbasioa hasi zuenetik, eta horrek krisi humanitario baten atarian jarri du. Errusiak hiria errenditzeko ultimatuma eman zuen duela hiru egun, eta geroz eta tropa gehiago pilatu ditu horren inguruan; beraz, datozen egunetan borrokak areagotzea aurreikusten da. Hiri honetan, Errusiako Armadak Azov Batailoiari egiten dio aurre, batez ere. Hiria defendatzeaz arduratzen den milizia neonazi hori Ukrainako Armadan integratuta dago 2014az geroztik.

Mariupolgo industria-eremu bat. Argazkia: EFE

-          Severodonetsk oraindik ukrainarren esku dagoen Donbasseko beste hiria da. Hiri honetan izaten ari dira Luhanskeko fronteko errusiarren eraso latzenak.

Lurralde horietatik kanpo, gerrak bi interesgune ditu.

-          Kievek ateetan ditu tropa errusiarrak. Iparraldean, Txernihiv hiria ia setiatuta dago. Gainera, borrokak izaten ari dira Dnieper ibaiaren bi ertzetan, bai Irpinen, mendebaldean, bai Bovaryn, ekialdean, baina azken egunotan ez da aurrerapen esanguratsurik izan. Azken bonbardaketa merkataritza-gune baten kontra izan da. Ukrainaren arabera, zibilek erabiltzen zuten. Errusiaren arabera, Ukrainako Armadaren biltegi militar bat zen.

Kiev. Argazkia: EFE

-          Sumy, Ukraina iparraldean, ia inguratuta dago. Antza, Errusiako Armadaren azken aurrerapenek hiria setiatu omen dute.

Khersonen, duela 20 egunetik errusiarrak nagusi diren hiriburu bakarrean, herritarrek okupazioaren kontrako manifestazioak egin dituzte.

Drama humanitarioa

925 zibil hil dituzte hilabetean, Nazio Batuen Erakundeak aste honen hasieran berretsitako datuen arabera. Hori da baieztatutako datu bakarra, bi aldeek oso bestelako zenbakiak ematen baitituzte. Errusiak dio helburu militarrei bakarrik erasotzen diela, baina Ukrainak milaka zibil hil dituztela salatu du.

Hildako soldaduei dagokienez, Errusiak ia 10.000 soldadu errusiar hil direla esan du, eta Ukrainak 1.000 militar baino gehiago galdu dituela aipatu du. Bi iturri horiek arerioaren heriotza kopuru handiagoa ematen dute.

Ia 10 milioi pertsonak etxea utzi dute

Hala ere, gerraren ondoriorik nabarmenetako bat errefuxiatuen krisia da. 3,6 milioi errefuxiatuk ihes egin dute, NBEren Errefuxiatuentzako Goi Komisarioaren datuen arabera.

Gehienak, 2 milioi baino gehiago, Poloniara joan dira, baina Eslovakiak, Hungariak, Errumaniak eta Moldaviak ere ukrainarrak hartu dituzte. Gainera, beste 6 milioi pertsona herrialde barruan mugitu behar izan dira. Bestalde, ia 270.000 Errusiara joan dira, eta herrialde horrek ere Donbasseko errefuxiatuak hartu zituen inbasioaren aurreko uneetan.

Errefuxiatuak Polonian. Argazkia: EFE

Europar Batasunak ez du erantzun errefuxiatuen beste krisi batzuetan egin zuen moduan. Oraingoan, estatuek laguntza azkarra eta estatutu juridiko argia adostu dute ukrainarrentzat.

Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu zuen 350 errefuxiatu inguru iritsi direla Euskal Autonomia Erkidegora. Guztiak behar bezala artatzeko kontingentzia-plan bat jarri dute martxan.

Negoziazio mahaia

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak harremanetan egon dira inbasioa hasi zenetik. Alde bakoitzak bestearen asmoei buruzko bertsio desberdinak kontatzen baditu ere, negoziazioak aurrera doazela eta jarrerak gero eta gertuago daudela esan daiteke. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak onartu du negoziazioak zailak direla, "baina pausoz pauso aurrera goaz", esan du.

Ukrainak su-etena eta tropa errusiarrak erretiratzea nahi du; Errusiak, berriz, inbasioaren aurreko asteetan aipatzen zituen baldintza berberak eskatzen ditu: Ukrainaren neutraltasuna, hau da, NATO aliantza militarrean ez sartzea, eta herrialdearen desmilitarizazioa.

Financial Times-en arabera, negoziazio-taldeak aurrera egiten ari dira alderdi horietan, 15 puntuko zirriborro bat abiapuntu hartuta. Hala ere, zailena lurraldetasunaren ingurukoak dira: Krimearen gaineko errusiar subiranotasuna eta Donetsk eta Luhansken independentzia onartzea eskatzen du Errusiak.

Ordezkaritzek zailtasunak izan dituzte korridore humanitarioak hitzartzeko; zibilei erasotzea edo haiek giza ezkutu gisa erabiltzea egozten diote elkarri.

Zelenskik ohartarazi du gerraren amaiera ezinezkoa izango dela bi presidenteek ez badute elkarrekin hitz egiten. Ukrainako presidenteak ziurtatu du lurraldetasunari buruz ere hitz egiteko prest dagoela Putinekin, baina aurretik "lehen pausoa" eman behar dela "segurtasun bermeen eta su-etenaren bidean".

Bakerako edozein aurrerapauso, nolanahi ere, gerraren alde militarraren eboluzioari egongo da lotuta.

Bideoak (1)