Ukrainako gerra
EBk eta AEBk Putinen gaineko presioa areagotu nahi dute NATO, G7 eta Europako Kontseiluaren goi-bilerekin
Agentziak | EiTB Media
Errusiak erasoaldia hasi zuenetik hilabete bete denean, Joe Biden AEBko presidenteak Europara bidaia egin du, Ukrainako gerran murgilduta dagoen kontinenteari babes argia adierazteko.
Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Vladimir Putin Errusiako presidentearen gaineko presioa areagotu nahi dute, NATO, G7 eta Europako Kontseiluaren goi-bilerekin. Ukrainako inbasioaren aurrean aurrekaririk gabeko frontea osatu nahi dute.
Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik hilabete bete denean, Joe Biden AEBko presidenteak Europara bidaia egin du, Ukrainako gerran murgilduta dagoen kontinenteari babes argia adierazteko. Arlo militarrean eman beharreko pausoak aztertuko dituzte agintariek, baita Errusiaren aurkako zigorrak ere.
Aliantza Atlantikoko ezohiko bilerak eta G7 eta Europako Kontseiluaren batzarrek osatuko dute agenda. Honenbestez, Ukrainako gerraren bilakaera Bidenekin eztabaidatzeko aukera izango du EBk.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideokonferentzia bidez parte hartuko du NATOren hitzorduan. Era berean, Zelenskik hitza hartuko du EBren bileran, arratsaldean.
Laguntza militarra nola areagotu eztabaidatuko dute, indarkeriak gora eginez gero Moskuk arma kimiko edo nuklearrak erabiltzea ez baita baztertzen.
NATOren batzarra amaitu ondoren, G7ko buruzagien txanda izango da, Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa tartean. Erakunde militarraren egoitzan bertan bilduko dira, Kremlinari eman beharreko erantzun politikoa adosteko.
Petrolio eta gas blokeoa
Zigorrak areagotzeko aukera ere mahai gainean egongo da. Horrela, Europako Kontseiluaren buruzagiek ere neurri gehiago aztertuko dituzte.
Gauzak horrela, Moskuri diru-sarrera garrantzitsu bat ixteko Errusiako petrolioari eta gasari blokeoa ezartzea premiazkoa dela uste dute askok. Nahiz eta Bruselak neurririk ez baztertu, EBko estatu kide batzuek zalantzak agertu dituzte dagoeneko, erabakiak kostu ekonomiko izugarria izango lukeelako, energiaren prezioak dagoeneko gorakada itzela izan duenean.
Txina
Txinaren papera ere aztertuko dute NATOk eta Europako Kontseiluak. Erasoaldi militarrean Moskuri lagunduz gero errepresaliak izango direla mehatxu egin zion Washingtonek Pekini, baina Europak zuhurtzia handiagoa azaldu du orain arte.
Kontinente zaharrean ez dute ozenago hitz egin nahi, eta Asiako erraldoiari konponbidearen parte izatea eskatu diote, Ukrainako gerrarekin zabaldu den agertoki geopolitikoan joka dezakeen paperaren zain.