Itxi

ukrainako gerra

Ukrainak zibilen aurkako sarraskia salatu du Butxan, 410 gorpu baino gehiago aurkitu eta gero

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Zelenskik "genozidioa" izan dela salatu du eta "behin betiko zigorrak" eskatu ditu Errusiarentzat. Errusiak ukatu egin du bere indar armatuek Butxa hirian gerra krimenik egin izana. Nazioarteak ikerketa indenpendentea eta zigor gogorrak iragarri ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Dimitro Kuleba Ukrainako Kanpo Arazoetako ministroak Butxan, Kiev eskualdean, "sarraskia" egin izana leporatu die errusiar indarrei, eta G7ari eskatu dio Moskuren aurkako "behin betiko zigorrak" aktibatzeko, lehenbailehen. Ukrainako Gobernuaren arabera, "ehunka" hildako izan dira errusiar tropen esku egon ondoren duela gutxi askatu dituzte Kiev inguruko herrian.

"Butxako sarraskia nahita egindakoa izan da. Errusiarrek ahalik eta ukrainar gehien hiltzea dute helburu. Gelditu behar ditugu, eta ostikoka bota", adierazi du Twitter bidez Kulebak.

"G7ari erabaki berriak eskatu nahi dizkiot, lehenbailehen", gaineratu du ministroak. Hala, zenbait neurri proposatu ditu: Errusiako petrolioa, gasa eta ikatza blokeatzea, Errusiatik datozen ontzi eta ondasun guztiei portuak ixtea, eta errusiar ontzi guztiak SWIFT finantza trukerako mekanismotik deskonektatzea.

Zelenskik "genozidiotzat" jo du sarraskia

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "genozidio" gisa izendatu du ukrainar autoritateek salatutako zibilen sarraskia.

CBS katean Errusia genozidioa egiten ari den galdetu diotenean, Zelensikik baiezko erantzuna eman du. "Noski baietz. Hau genozidioa da", adierazi du.

"Nazio oso baten eta bertakoen sarraskia. Ukrainako biztanleak gara. Ehun nazionalitate baino gehiago ditugu. Nazionalitate guzti horiek suntsitu eta sarraskitzea da honen helburua", azaldu du.

Ukrainak ez du "Errusiar Federazioaren politikaren menpe egon nahi", defendatu du. Gaineratu duenez, "hori da gu suntsituta eta sarraskituta egotearen arrazoia". "XXI. mendeko Europan gertatzen ari da hau. Nazio oso baten tortura da".

Errusiak dio bere indarrek ez dutela gerrako krimenik egin Butxan

Bien bitartean, Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du Butxan gerra krimenik egin izana

TASS agentziak jasotako ohar batean Ministerioak baieztatu du hirian egon diren denboran "bertako biztanle bakar batek ere" ez duela "indarkeriazko ekintzarik pairatu". Bitartean, "ukrainar indarrek eguneko 24 orduetan zehar bonbardatzen zuten hiria, kalibre handiko artilleriarekin, tankeekin eta suziri anitz jaurtitzeko sistemekin" esan dute.

Ministerioaren arabera, "errusiar unitate guztiek utzi zuten Butxa martxoaren 30ean". Gogorarazi dutenez, tropek atzera egin eta egun batera, Buchako alkateak "baieztatu zuen ez zela errusiar militarrik hirian eta ez zuen hildakoez hitz egin".

Errusiak hiria okupatuta izan zuen bitartean, bere indar armatuek bertako herritar guztiei "hiria uzteko aukera" eman zietela ere adiearazi dute, "iparralderantz, Bielorrusiako Errepublika barne, hiritik nahieran mugitzen ziren bitartean".

Hala, hirian dauden gorpuen "argazki eta bideo sekuentzia guztiak Kieveko erregimenak mendebaldeko hedabideentzat egindako eszenaratzea" baino ez direla adierazi dute, "bere garaian Mariupolgo amatasun ospitalearekin gertatu bezala". Hildakoak prentsa hirira iristearekin batera "atera" direla salatu dute.

Gaitzespenak eta zigor berriak

Nazioarteko komunitateak gogor gaitzetsi du Butxan gertatua. Ikerketa independea eskatu dute eta Europa Batasunak zigor gehiago iragarri ditu Errusiaren aurka.

AEBak, Erresuma Batua, Europar Batasuna eta Nazio Batuen Erakundeak gerrak krimenak argitzeko eta zigortzeko eskatu dute.

Bideoak (2)