IMMIGRAZIOA
Asilo eskatzaileak Afrikara bidaltzeko akordioa iragarri du Erresuma Batuko gobernuak Ruandarekin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Boris Johnson lehen ministroaren egitasmoak asiloa eskatu eta egoera irregularrean, itsasontzian edo kamioian, Erresuma Batura iritsi direnei eragingo die.
Erresuma Batuan asiloa eskatzen duten pertsonak Ruandara bidaltzeko akordioa iragarri du ostegun honetan Boris Johnson lehen ministro britainiarrak. Afrikako herrialde horrekin lorturiko akordioaren ondotik, asiloa eskatu eta egoera irregularrean, itsasontzian edo kamioian, Erresuma Batura iritsi direnak hara eramango dituzte.
144 milioi euroko balioa duen akordioa erdietsi dute Erresuma Batuak eta Ruandak. Aipaturiko egitasmoak Erresuma Batura itsasontzian edo kamioian iritsi diren eta familia kargarik ez duten gizonei eragingo die.
Planaren xehetasunak ezagutu zain, Ruandak bere gain hartuko du asiloa eskatzen duten pertsona horien ardura. Behin pertsona horiek Ruandan daudela aztertuko dute asilo eskaria bideragarria den ala ez.
Boris Johnsonek ostegun honetan adierazi duenez, disuasio neurri bat da eta immigrazioari heltzeko modua aldatuko du.
Oposizioko alderdiek eta errefuxiatuak laguntzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute neurria. Brexitaren ostean mugen gaineko kontrola berreskuratu nahi duela azpimarratu du, ostera, Boris Johnsonek.