Itxi

ukrainako gerra

Ukrainako ekialdearen eta mendebaldearen artean korridore bat irekitzeko plana onartu du Errusiak

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ukrainako ekialdearen eta mendebaldearen artean korridore bat ezartzeko plana onartu du Errusiak

Mariupol hiria. Artxiboko argazkia: EFE

Errusiak erasoei eutsi die Ukrainako ekialdean eta mendebaldean, goi kargu militarretako batek Donbassen eta Krimeako penintsularen artean lurreko korridore bat eraikitzeko asmoa lehen aldiz onartu ondoren.

Herrialdeko Indar Armatuetako agintariaren arabera, tropa errusiarek ofentsiba mantendu dute Donetskera bidean.

Ukrainar zein errusiar autoritateek abiatutzat eman dute Donbasseko ofentsiba handia. Edonola ere, aldebien mugimenduek eta jarduerak adierazten dutenez, lurraldea bereganatzeko azken gudua iristeke dago oraindik.

Gainera, ukrainar hedabideek herrialdeko militarren adierazpenak jaso eta gero jakinarazi dutenez, misilekin erasoak izan dira Odesa hirian. Ukrainako hegoaldea (Moldaviako mugarako sarbidea) bereganatzeko planak egiaztatuz gero, errusiar indarren helburu berrietako bat litzateke.

Erasoak Mariupolen eta porrota ebakuazioetan

Errusiak Mariupol portu hiria konkistatu izana baietsi badu ere, borrokaldi biziak hiria hartzeko saiakerak zapuzten ari dira oraindik, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak adierazi duenez.

Era berean, ukrainar militarrek hirian izandako aire erasoen berri eman dute eta jakinarazi dute Azovstal altzairutegia, hiriaren defendatzaileen azken gotorlekua, blokeatuta dagoela oraindik.

Errusiaren arabera, duela hilabete eta erdi baino gehiago Mariupolen borrokaldiak hasi zirenetik, 1.800 ukrainar militar baino gehiagok amore eman dute. Kievek ez du zifra hori baieztatu oraindik.

Bestalde, Kievek jakinarazi du Mariupoletik ebakuazioei berrekin dietela, segurtasun arrazoiengatik bertan behera utzi baitzituzten, aldi baterako.

Hala ere, milizia pro errusiarrek hirian lubakitutako ukrainar tropei egotzi diete ebakuazioak zapuztu izana, biztanleak biltzekoak ziren guneen aurka tiro egitean.

Ukrainako autoritateek baietsi dutenez, Armada ukrainarraren kontrolpeko zonaldeetarako ebakuazioak galarazten dituzte errusiarrek, Mariupolgo biztanleak Errusiaren kontrolpeko eremuetara lekualdatzera behartzeko. Moskuk, bestalde, ukatu egin du Mariupoletik ukrainarren irteera eragotzi izana, eta nabarmendu du hiria uzten duten herritarrek libreki erabaki dezaketela separatisten edo Kieven kontrolpeko eremutara joan.

Mariupolgo autoritateen kalkuluen arabera, 100.000 pertsona inguru daude orain hirian, eta Errusiaren aldeko milizien arabera, 250.000 inguru.