FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK
Ezkerrak fronte zabala osatu nahi du hauteskunde legegileei begira eta ultraeskuinak ez du erabaki zer egin
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Presidentetzarako hauteskundeen ondotik, Frantziako alderdi nagusiak hasi dira ekaineko hauteskunde legegileei begira. Frantzia Intsumisoa alderdia ezkerreko alderdiekin harremanetan jarri da. Marine Le Penen Bilgune Nazionala, ostera, Eric Zemmourrekin koalizioa osatu ala ez aztertzen ari da.
Igandean Frantzian presidentetzarako hauteskundeak egin ondoren, alderdi nagusiak hasi dira ekaineko hauteskunde legegileei begira beren estrategiak finkatzen. Ezkerrak fronte zabal bat osatu nahi du, eta Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoa alderdia ezkerreko indarrekin harremanetan jarri da. Marine Le Penen Bilgune Nazionala, ostera, Eric Zemmourrekin koalizioa osatu ala ez aztertzen ari da.
Frantzia Intsumisoa (presidentetzarako hauteskundeetako hirugarren aukera bozkatuena) alderdi ekologista nagusiekin, komunistekin eta Alderdi Antikapitalista Berriarekin harremanetan jarri da dagoeneko, eta Alderdi Sozialistarekin bilduko da asteazkenean, BFMTV Frantziako telebistak aipatutako iturrien arabera. Asteazkeneko bilera balizko koalizioa osatu ahal izateko lehendabiziko pausoa da.
Atzo bertan, Arnaud Montebourg ministro sozialista ohiak gidatzen duen ezkerreko mugimendua prest agertu zen, Melenchonek proposatu bezala, zerrenda bateratuak aurkezteko.
Frantziako ultraeskuina, bere aldetik, zalantzan dago hauteskunde legegileetara bakarrik edo koalizioan aurkeztu. Ikusteko dago, besteak beste, Marine Le Penen Bilgune Nazionalak eta Eric Zemmourren alderdiak bat egiten duten ala ez.
Presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulian, Le Penek eta Zemmourrek botoen % 30 baino gehiago lortu zituzten; bigarrenean, berriz, Bilgune Nazionaleko hautagaiak botoen % 40ko langa gainditu zuen lehen aldiz, nahiz eta bozak Emmanuel Macron egungo presidenteak irabazi zituen.
Eric Zemmourrek ez du ezkutatzen eskuineko aliantza zabal bat ehuntzeko nahia. Marion Marechalek, Marine Le Penen ilobak, "batasun nazionala" aldarrikatu, eta bat egiteko deia egin die errepublikanoei ere.