Ukrainako gerrra
Ehun pertsona ebakuatu dituzte jada Azovstal altzairutegitik
Agentziak | EITB MEDIA
Nazio Batuen Erakundeak baieztatu du ebakuazioa Gurutze Gorriak, Errusiak eta Ukrainak elkarlanean egindako operazioari esker egin dela. Errusiako Gobernuak, bere aldetik, 80 zibil ebakuatu dituela zabaldu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ukrainako Mariupol hiriko Azovstal altzairutegian 100 zibil inguru ebakuatu dituztela baieztatu du Nazio Batuen Erakundeak. Operazio horretan, Gurutze Gorria, Errusia eta Ukraina aritu dira elkarlanean. Hala, ebakuatutako lehenengo talde hori Ukrainako Gobernuaren kontrolpean dagoen eremura bidean dago.
Ukrainako iturrien arabera, Azovstaleko altzairutegian gutxienez 500 zibil eta Kieveko indar armatuetako kide den Azov erregimentuko mila bat militar daude. Gainera, instalazioetan bostehun bat zauritu daude, zibilen eta soldaduen artean, tratamendu medikorako sarbiderik gabe eta ur eta elikagai erreserba gero eta urriagoekin.
Ordu batzuk lehenago, Errusiako komunikabideek jakinarazi zuten 40 zibil (tartean 18 gizon, 14 emakume eta 8 haur) fabrikatik ebakuatu zituztela hiru autobusetan, baina gero Errusiako Gobernuak adierazi du 80 zibil ebakuatu dituztela altzairutegitik, eta guztiak Bezimennera eraman dituztela, portutik 33 kilometro ekialdera. Ostatua, janaria eta laguntza medikoa jaso dute bertan.
Iturri horien arabera, NBEk eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak gainbegiratu dute prozesua.