FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK
Frantzia Intsumisoak eta Berdeek hauteskunde legegileetara elkarrekin aurkezteko akordioa lortu dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ezkerreko alderdien arteko koalizio hori zabalagoa izan daiteke; izan ere, Frantzia Intsumisoak eta Berdeek negoziatzen jarraitzen dute Alderdi Sozialistarekin eta Alderdi Komunistarekin.
Ekainaren 12an eta 19an Frantzian egingo diren hauteskunde legegileei begira, Frantzia Intsumisoak eta Berdeek elkarrekin aurkezteko akordioa lortu dute. Ezkerreko koalizio hori zabalagoa izan daiteke, Frantzia Intsumisoak eta Berdeek Alderdi Sozialistarekin eta Alderdi Komunistarekin negoziatzen jarraitzen baitute. Emmanuel Macron presidente berrautatuari aurre egiteko ezkerreko alderdien arteko koalizioa osatu nahi dute.
Berdeen Kontseilu Federalak gehiengo zabalez onartu du Frantzia Intsumisoarekin azken bi asteetan landutako akordioa. Bozketan, aldeko 41 boto, kontrako 10 eta 8 zuri izan dira (ordezkari batek ez du bozketan parte hartu). Le Figaro egunkariak negoziazioen gertuko iturriak aipatuz zabaldu duenez, 100 barruti izango ditu alderdi ekologistak hauteskunde legegileetan.
Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoak botoen % 22 eskuratu zituen Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulian, eta Berdeek, % 4,6. Ezkerreko aliantza, baina, are zabalagoa izatea nahi dute, eta Alderdi Sozialistarekin eta Alderdi Komunistarekin hitz egiten ari dira horretarako.
Ostiralean, Frantziako Alderdi Sozialistak "eten" egin zituen Jean-Luc Mélenchonen Frantzia Intsumisoarekin (LFI) hauteskunde legegileetarako koalizio bat adosteko abian jarritako negoziazioak, eta "logika hegemonikoa" izatea leporatu zion.
Maiatzaren leheneko manifestazioan, Frantzia Intsumisoko buruak eta sozilisten lehen idazkariak elkarri eskua eman diote eta hizketan aritu dira, inguruan zituzten manifestariek batasunaren aldeko oihuak egin dituzten bitartean.